2013(e)ko abenduaren 13(a), ostirala

Goierriko Gutun Soziala eraikitzera dei egin dute hainbat lagunek

GOIERRIKO HITZA. Goierriko hainbat elkartek eta norbanakok Goierriko Gutun Soziala aurkeztu zuten asteazken arratsaldean Beasaingo Igartza jauregian. Gure erabakiak, gure eskubideak lemapean, egungo krisi egoerari buelta eman eta eredu sozial berri bat sortzeko, jendarteari dei egin zioten Gutun Soziala eratzen parte hartzeko, «gauzak beste modu batera egin daitezkelako eta egin behar ditugulako», zehaztu zuten.

Gutun sozial honek bi helburu izango dituela azaldu zuten: «Gure ekonomia eta gure baliabideak euskal herritarren zerbitzuan jartzeko, eta berton bizi diren pertsona guztiek bizi-baldintza duinak eskuratu ahal izatea lortzeko, oinarrizko gizarte eskubideen aitortzaren eta erabileraren bitartez».


Auzkezpen ofizial honetara Goierriko kirol elkarteetako lagunak, kulturgintzakoak, Zero Zabor taldeetakoak, IAkoak, Ernaikoak, Sindikatu ezberdinetakoak, Askapenakoak, eta lehen sektorean lan egiten dutenak agertu ziren, besteak beste.
Asteazkeneko agerraldia aurkezpen moduan egin zuten, «prozesuaren hasiera» markatzeko. Orain artekoa eragile sozial eta sindikal batzuk egin dute, eta beraiek izango dira aurrerantzeko partehartze prozesuetako dinamizatzaileak. Baina, orain, norbanakoak gonbidatu nahi dituzte urtarrilean abiatuko den partehartze prozesura.
«Bada garaia Euskal Herriko emakumeok eta gizonok bestelako proiektu ekonomiko eta sozial bat eraiki dezagun Euskal Herriarentzat, eskubide eta betebehar berdinez», zioten, eta azaldu zuten euren asmoa «eztabaida prozesu bat irekitzea» dela.
«Goierri Behean %150 hazi da langabezia: 1.079 langabetu egotetik 2.535 egotera pasa gara», azaldu zuten. Lana dutenen lan-baldintzak ere asko okertu direla azaldu zuten, ehunka langile hitzarmenik gabe daudela, lengabezia prestaziorik gabe ere asko daudela…
Gero eta jende gutxiagok gero aberastasun gehiago duela ere azaldu zuten. Horrez gain, zerbitzu publikoetako murrizketak ere salatu zituzten. Goierriko Gutun Soziala eratzeko bilerak urtarriletik aurrera egiten hasiko dira herri guztietan. Bilera horietara gerturatzeko deia egin zieten prentsaurrekoan herritar guztiei, parte hartze prozesua «anitza» izatea nahi dutelako: «Euskal Herrian bizi garenon proposamenak jaso nahi ditugu herri guztietan», azaldu zuten.
Udazkenerako
Herri guztietako ekarpenak jasota, Euskal Herri mailako gutun soziala eratuko dute datorren urteko udazkenerako, eta karta hori «tresna bihurtzea» nahi dutela azaldu zuten.
«Inplikazio sozialarekin eta sindikalarekin, datorren udazkenean gizarte gutunerako proposamen baten behin betiko erredakziora iristeko,  Euskal Herrian bizi garen pertsona guztion sentipena eta gehiengoaren interesa jasoko dituen behin betiko proposamen bat erredaktatzeko»».
Prentsaurrekoan azaldu zutenez, «nahia da eztabaida prozesu honek herri-harresi bat eraikitzera eramatea azkenean, botere ekonomikoak gehiengo sozialaren kontra zuzentzen dituen eraso guztiei aurre egiteko»; horrez gain, beraien «asmoa gizarte gutun hau tresna bihurtzea da, bai indarrak biltzeko exijitzen dugun alternatibaren ingu
ruan eta bai herri honetako borroka ahalmena bateratzeko, benetako aldaketa sozial eta politikoa Euskal Herrian lortu arte», esan dute prentsaurrean. Aurkezpen ofizialaren ondoren, mokadutxo bat egin zuten Igartzara bertaratu ziren guztiek, egitasmo honetan parte hartzeko asmoa duten lagunek elkar ezagutzeko eta bide batez gutun sozialaren inguruko inpresioak elkartrukatzeko.
Asteazkeneko prentsaurrekoa  goierritarrei bihar Bilbon egitekoak diren Euskal Herri mailako asanbladan parte hartzera dei egiteko aprobetxatu
zuten eskualdeko eragile eta antolatzaile ugarik.
Asteazkenean Beasaingo Igartzako
jauregian egindako
aurkezpeneko argazkia eta Gutun Sozialaren inguruko bideoa eta informazio gehiago lor dezakete interesdunek goierri.hitza.info webgunean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina