2019(e)ko irailaren 5(a), osteguna

Amets Arzallus eta Iker Zubeldiarekin bertso-afaria Zegaman

Irailaren 13an, ostirala, bertso-afaria egingo da Zegaman Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Iluntzeko 21:30ean izango da hitzordua, udaletxeko arkupetan.

2019(e)ko abuztuaren 27(a), asteartea

Nola egin aurre munduko boteretsuenei?

Lapurdi militarizatu du Frantziako Gobernuak “munduko zazpi herrialde garatuenetako” agintarien bisitaren harira. Urtebeteko lanaren ostean, kontra-gailurra antolatu dute kapitalismo gordinenari aurre egin nahi izan dioten herritarrek. Milaka poliziaren erdian, ez da batere erraza izan. ARGIA bertan izan da egunotan, kontatzeko bertan bizitutako pozak, tristurak, ezinak, ekinak, tentsioak eta elkartasun keinuak.

2019(e)ko abuztuaren 24(a), larunbata

Presoen aldeko Giraldillen ekintzak 20 urte bete ditu

Sevillako Atletismoko Mundialeko Txapelketaren maskotaz mozorrotu eta inaugurazio ekitaldian sartu ziren hainbat ekintzaile, euskal preso politikoen herriratzea aldarrikatuz. Milioika pertsonak ikusi zuten ekintza zuzenean telebistaz.



2019(e)ko uztailaren 21(a), igandea

Kontragailurrari atxikimendu ugari

Uztailaren 18ko Bilboko prentsaurrekoaren edukia:
G7-aren gailurra Miarritzen egiteko hilabete inguru falta dela aprobetxatuz, G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen plataformak azken hilabeteetan garatu duen atxikimendu dinamikaren berri ematea helburu du agerraldi honek.

2019(e)ko uztailaren 20(a), larunbata

21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik

Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.



2019(e)ko uztailaren 2(a), asteartea

Elkartasun keinua, Urbiatik Kataluniara

Gure Eskuk deituta, ‘Eskubideen aldeko mendi martxa’ egin dute asteburuan, Arantzazutik Urbiako zelaietara. Kamiseta eta puzgarri horiak soinean, lazo hori erraldoia osatu zuten dozenaka lagunek –tartean goierritar ugari–. Kartzelan dauden kataluniako politikari independentistei elkartasuna adieraztea eta erabakitzeko eskubidea defendatzea izan da ekitaldiaren helburu nagusia.

2019(e)ko ekainaren 22(a), larunbata

Ertzaintzak Aitor Esnaola presoari emaniko tratu txarra salatu dute

Aita hil eta gero, Legorretako presoak sendiarekin egoteko baimena eskuratu zuen. Lagunen esanetan, behin herrira helduta bost orduz izan zuten polizia autoaren barruan loturik, eta senideekin bost minutuz bakarrik egoteko aukera izan zuen.




2019(e)ko ekainaren 20(a), osteguna

G7aren etorrera salatzeko ekimenak aurkeztu dituzte

Uztailaren 13ko manifestazioa Biarritzen, abuztuaren 19 eta 23 bitartean Irun eta Hendaian egingo den kontra-gailurra eta abuztuaren 24 eta 25ean egingo diren protestak daude ekimenen artean, besteak beste.

2019(e)ko ekainaren 16(a), igandea

11/13 sumarioko auzipetuek, 350.000 euroko gastua

11/13 sumarioko auzipetuek jakinarazi dute epaiketari aurre egiteko 350.000 euroko gastua izango dutela, eta diru bilketarako kanpaina bati ekin diote. Gastu juridikoak, bidaiak, egonaldiak eta abar izango dituztela azaldu dute, eta ohartarazi «prozesu judizial luzeak karga ekonomiko itzela» eragingo diela. Laboral Kutxan kontu korronte bat zabaldu dute, nahi duenak han diru ekarpen bat egin dezan.

2019(e)ko ekainaren 4(a), asteartea

Irailaren 14rako manifestaziora deitu dute 11/13 auzikoek: "Kalean erantzun nahi diogu"

Irailaren 16an hasiko da Madrilen euskal presoen babes taldeen aurkako epaiketa, eta mobilizazioa "askoren aldetik babestua" izatea nahi dute auzipetuek: "Elkartasun sare honen parte izateak asko izan du ederretik, baina asko minetik".

Amaia Izko eta Ane Zelaia aritu dira hizlari, 11/13 sumarioko auzipetuen agerraldian. 

2019(e)ko maiatzaren 28(a), asteartea

2019(e)ko maiatzaren 14(a), asteartea

Hauteskundetako ekitaldia larunbatean, Zegaman

Maiatzaren 26ko udal, foru eta europar hauteskundeak direla-eta, ekitaldia egingo du Zegamako EH Bilduk larunbat honetan Zegaman. Eguerdiko 12:00etan egin dute hitzordua Kultur Etxean.

2019(e)ko apirilaren 15(a), astelehena

2019(e)ko apirilaren 11(a), osteguna

Irailaren 16an hasiko dira presoen eskubideen aldeko lana epaitzen

Denera, 47 lagun daude auzipetuta Espainiako Auzitegi Nazionalean, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Adi eta Etxerat elkarteetakoak, Bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Fiskalak 601 urteko eskaera egin du, denera.



2019(e)ko apirilaren 5(a), ostirala

Gara egunkariak bizi duen egoerari buruzko hitzaldia, Zegaman

GARA egunkariak bizi duen egoeraren berri emateko hitzaldia egingo da Zegaman.  Bertan, Garako Mikel Zubimendik egoera honen jatorriaz hitz egingo du eta aurrera begira dituzten planen berri emango du. 

2019(e)ko martxoaren 20(a), asteazkena

Altasuko gazteentzako justizia eskatzeko manifestazioa

Auzitegi Nazionalak, salbuezpenezko epaitegiak, beste behin ere agerian utzi du jatorritik duen funtzio errepresiboa Altsasuko 8 gazteen kontra egindako sententziaren berrespenarekin. Azkenean terrorismo deliturik ez dela egon adierazi arren, ideologia diskriminazio larrigarria ezarri du epaitegiak; horrela, berriz ere argi geratzen delarik Auzitegi Nazionalaren kutsu eta helburu politikoa. Mendeku gosea erakusten dute epaiak eta auziak izan duen ibilbide osoak.

2019(e)ko martxoaren 18(a), astelehena

2019(e)ko martxoaren 12(a), asteartea

Altsasuko gazteak «terrorista gisa» zigortu dituztela diote gurasoek

Manifestaziora deitu dute martxoaren 24rako, Altsasun. Asteon epaia jaso ondotik, Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa dutela azaldu dute. 

Altsasuko gazteen gurasoen prentsaurrekoa, atzo, Iruñeko Katakrak liburudendan.

BERRIA. «Ia bi urte dira mina eta oinazea sorrarazten digun tunel ilun batean gaudela, eta ez dugu antzematen noiz izanen den tunelaren irteerako argia». Asteon hamaikagarren kolpea jaso dute Altsasuko zortzi gazteek zein euren gurasoek: Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak soilik Iñaki Abadi murriztu dio espetxe zigorra hamarretik sei urtera, baina gainerakoan ekaineko epaiak ezarritako 72 urteko zigorra berretsi du. «Ez dituzte terrorista gisa epaitu, baina terroristak balira bezala zigortu dituzte». Gazteen gurasoen izenean, Bel Pozuetak «mendeku gosez» aritzea eta «Guardia Zibilaren nahiei men egitea» aurpegiratu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari.

Atzo, Katakrak liburu dendan osteguneko epaiaren analisia egin zuen Altsasuko Gurasoak plataformak eta hemendik aurrerako urratsen berri eman. Agerraldia hasi aurretik, onartu zuten okerrenean jartzera ohitu izanagatik, piztutako itxaropen apurra zapuztu diela, beste behin, Auzitegi Nazionalak: «Ez da justizia ezartzen duen erakundea, ez da justiziaz ari, ez du justizia bilatzen, ez du justiziarik egiten».


Gurasoen arabera, mendekuan oinarrituta edozein herritar zigortu daitekeen bidean aurrera egin du epaiak. «Gizarteak arduraz hartu beharko luke, zeren eta gaur gure seme-alabak dira, baina aurrerantzean edonor izan daiteke». Horregatik, Hau ez da justizia lelopean, manifestaziora deitu dute, martxoaren 24rako, Altsasun (12:00). «Argi dugu Altsasuko kaleak beteko ditugula, duintasunez, denok ikusten baitugu hau bidegabekeria bat dela», nabarmendu dute.
Apelazio aretoaren ondotik, Gorenera jotzeko asmoa dute, eta nahiko lukete hark «lehenbailehen» erantzutea: «Hala ere, badakigu Espainiako justiziak nola funtzionatzen duen, eta espero dugu sei eta hamabi hilabete artean behar izatea erantzuteko».


«Neurriz kanpoko zigorra»
Bel Pozuetak onartu duenez, Europan izan diren aldietan, hainbat kazetarik galdetu izan diete «ea zenbat hildako» izan ziren Altsasun 2016ko urriaren 15 hartan. Epaiak egiaztatutzat jotzen dituen gertaerak bi guardia zibilen zein euren bikotekideen testigantzan oinarrituta daude. Pozuetaren arabera, «kontakizuna egia balitz ere», jasandako lesio larriena tenientearen orkatilaren haustura izan zen: «Hautsitako orkatila bategatik 72 urteko espetxe zigorra ezarri diete». Pozuetak gogora ekarri zuen instrukzio fasean terrorismo delituaren «erabilera maltzurra» egin zuela Lamela epaileak, eta ondoren epaitu dituzten magistratuek Guardia Zibilarekin erlazio zuzena dutela —koronel batekin ezkonduta egoteagatik edo haien dominak jasotzeagatik, besteak beste—. Gazteei errugabetasun presuntziorako eta bidezko epaiketa izateko eskubidea urratu zaiela deritzote.


Apelazio aretoak ez ditu ez gazteen ez defentsaren lekukoak aintzat hartu, eta sinesgarritasun osoa eman die guardia zibilei. Haatik, Iñaki Abaden bideoan agerian geratu zen sarjentuak gau hartan ez zituela hiru gazte identifikatu. «Orduan ez bazituen ezagutu nola da posible handik egun batzuetara identifikazio saioetan edo argazkietan ezagutzea?». Halaber, salatu dute apelazio aretoak «irizpide politikoen arabera» ezarri diela gazteei diskriminazioa larrigarri
gisa.

2019(e)ko martxoaren 9(a), larunbata

Auzitegi Nazionalak berretsi egin ditu Altsasuko gazte auzipetuen zigorrak

13 urte arteko zigorrak berretsi ditu apelazio aretoak. Epaiak terrorismo delitua baztertu du, baina autoritatearen kontrako atentatua egotzi die gazteei, "ideologia diskriminazioa" aldagai larrigarriarekin. Iñaki Abaden kasuan, sei urtera murriztu du zigorra. Lehen protesta gaur iluntzean egin dute, Iruñean.



BERRIA. Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak Altsasuko gazte auzipetuei ezarritako zigorrak berretsi ditu, auzitegiak gaur kaleratu duen eta BERRIAk eskuratu duen epaian. 2016ko urrian, bi guardia zibili eta beren bikotekideei eraso egitea egotzita, Auzitegi Nazionaleko lehenengo sekzioak bi eta 13 urte arteko espetxe zigorrakezarri zizkien.
Zigor horiek ontzat jo ditu auzitegiak, epaiari aurkeztutako helegiteak aztertu ondoren. Iñaki Abaden zigorra moldatu du soilik. Sei urtera murriztu du haren kartzela zigorra, aurreko epaian ezarri zitzaion zigorrean berak egin ez zituen ekintzengatik zigortu zutelako.
Bestalde, auzitegiak baztertu egin du gazteek terrorismo delitua egin zutenik. 2016ko urrian, bi guardia zibili eta bere bikotekideei eraso terrorista egin izana leporatzen zieten Fiskaltzak eta Covite ETAren biktima elkarteak. Fiskalak 12 eta 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen. Auzitegiak ukatu egin du terrorismo delitua egotzi dakiekeenik. Autoritatearen kotrako atentatua leporatu die epaimahaiak, eta "delitu larrigarritzat" hartu du "ideologia diskriminazioa". Erasoak guardia zibilen autoritate izaerarekin lotuta daudela frogatutzat jo du.
Epaiak jasotzen duenez, ezin da ondorioztatu Altsasuko gazteei leporatzen zaizkien gertakariak terrorismo delitua direnik eta ETAren ideien arabera jardun zutenik, ezin delako "nahitasun" hori frogatu. Apelazio aretoak argudiatu du, besteren artean, auzipetuak adin txikikoak zirela ETAk bere jardun armatua baztertzen zuela iragarri zuenean, eta, beraz, zaila litzatekeela ideia horiei eustea adin horrekin. Auzitegiak baztertu egin du gazteei desordena terroristagatik zigortzea. Adierazi duenez, epaiketan ez da frogatu ETAren babesean aritu zirenik.
Bestalde, epaiak ez dio baliorik aitortu Koxka tabernaren kanpoaldean Iñaki Abadek grabatutako bideoari. Irudi horietan Guardia Zibileko sargentoa ageri da, tabernaren kanpoaldean, alkandora zuri bat soinean duela, inolako urraturik eta orbanik gabe. Auzitegiaren esanetan, bideoak ezin du frogatu sargentuaren "egiazko egoera".
Epaimahaiak baztertu egin ditu Adur Ramirez de Alda gertakarien unean etxean zegoela frogatzeko defentsak aurkeztu dituen argudioak ere. Defentsak nabarmendu du Ramirez de Alda egun horretan jantzi ez zituen arropekin identifikatu zutela zenbait lekukok eta akusazioek. Bere amak 02:30ean etxean zegoela deklaratu zuen. Epaiaren arabera, baina, ezin da ziurtatu etxean zegoenik. Ramirez de Aldaren bizitokia tabernatik gertu dagoenez, auzitegiak ez du baztertzen hark arropaz aldatu izanaren eta Koxka tabernara joan izanaren aukera.
Altsasuko gazteen defentsak auzitan jarri zuen apelazio aretoaren neutraltasuna, joan den urrian. Helegitea aztertzeko ardura izan duen salako hiru epaileetatik bik Guardia Zibilaren aitortza jaso zutela nabarmendu zuen. Bi epaile horiek ezesteko eskaria aurkeztu zuen, eta hura baztertu zuen auzitegiak. Eskari hori egiteagatik, 600 euroko isuna ezarri zieten gazteei.
"Benetan nazkatuta  gaude"
Altsasukoak Aske plataformako kide  Aritz Leoizek ere egin ditu epaiaren inguruko lehen balorazioak: "Benetan nazkatuta gaude", nabarmendu du. Altsasuko herriaren eta espetxeratuta dauden gazteen "erabilera mediatikoa" salatu du, baita epaiaren berri hedabideetatik jaso izana ere: "Albistea ikusi dugunetik Auzitegi Nazionalera deitzen aritu dira gurasoak baina esaten zieten oraindik ez zutela albisterik, eta haiek ez zutela berria flitratu". Hortaz, Auzitegi Nazionalaren epaia "muntaiaren beste pauso" bat dela adierazi du Leoizek.
Gainera, jakinarazi du larunbatean prentsaurrekoa egingo dutela Iruñean datozen hitzordue berri emateko: "Gizarteak erantzun egin behar du. Hau salatzen segitu behar dugu. Kartzelan jarraitzen duten egun bakoitza sekulako bidegabekeria da".
Larunbatean mobilizazio gehiagoren berri emango badute ere, dagoeneko egin dute lehen protesta. Iruñean, 19:30ean, ehunka herritar bildu dira udaletxe aurreko plazan, Altsasuko gazteak aske utz ditzatela eskatzeko.

2019(e)ko otsailaren 6(a), asteazkena

Gaiez gai osatuko da EH Bilduren Herri Programa

Zegamako EH Bilduk lanketa zabala jarri du martxan Zegaman. Datozen udal hauteskundeei begira prestatutako prozesua da, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzea helburu duena.

2019(e)ko urtarrilaren 20(a), igandea

Hauteskundeetarako lanketa batzarra

Datorren ostiralean, urtarrilak 25, hauteskundeetarako herri programa lantzeko batzarra egingo du Zegamako EH Bilduk; iluntzeko 19:00etan, Kultur Etxean. Azken lau urteetan udalean egindako lanaren balorazioa egitearekin batera, aurrera begira ditugun lehentasunak zehaztuko dira.