2014(e)ko maiatzaren 22(a), osteguna

Heriotza duinerako lege proposamena aurkeztu du EH Bilduk

EH Bilduren legebiltzarkide Rebeka Ubera eta Eva Blancok gaur aurkeztu dute koalizioak Gasteizko legebiltzarrean erregistratu duen "bizitzaren amaierako prozesua arautzeko lege proposamena". Bi legebiltzarkideek prentsaurrekoan azaldu dituzte testuaren nondik norakoak. "Arlo honetan dagoen hutsune legal nabarmena betetzera dator proposamena, hala nola, heriotzaren inguruko eztabaida soziala irekitzera".      "Sektore atzerakoienak, eskuinak eta talde kontserbadoreek nahi izan dute gai hau iritzi publikotik ateratzea. Heriotza ikuspuntu negatiboetatik jorratu da euren erruz. Jakina da hiltzea gogorra dela eta izango dela, baina hori ez da aitzakia gaiari benetan heltzeko, baita juridikoki ere. Gure proposamena da fundamentalismo erreligiosoetatik harago, gaia sufritzen ari den pertsonaren ikuspuntutik jorratzea, beti ere, naturaltasunez eta ikuspegi positibo batetik, ahal den heinean behintzat".
     Horrela, lege proposamenak helburu du "oztopo ideologikoak gainditzea eta hutsune legala betetzea". "Horrela, heriotzaren inguruko eztabaida soziala pizteaz gainera, arau berriak egitea bilatzen dugu, beti ere, sufritzen ari den pertsonaren bermeak lehenetsiz". Hala gertatu da beste autonomi erkidego batzuetan, zehazki, Aragoi, Nafarroa eta Andaluzia, non jada baduten tankera honetako lege bat.
      Testuak definitu egiten ditu gaixo terminalen eskubideak eta osasungintzako profesionalek dituzten betebeharrak. Era berean, Aurretiazko Borondateen Agiria edo Bizi testamentua bezalako dokumentuak ere aipatzen dira, zeinak gaixoak jaso nahi dituen zainketak jasoko dituen, gaixo horrek bere kabuz erabakiak hartzeko gaitasunik ez duenean.
      Uberak eta Blancok azaldu dutenez, eutanasiaren inguruko eztabaida sozialari ere eutsiko diote. Hain zuzen, eutanasiaz esan dute, "zehaztuta eta onartuta egon beharko lukeela ordenamendu juridikoan; Aitzitik, kode penalean delitu moduan tipifikatua dago oraindik".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina