2019(e)ko martxoaren 20(a), asteazkena

Altasuko gazteentzako justizia eskatzeko manifestazioa

Auzitegi Nazionalak, salbuezpenezko epaitegiak, beste behin ere agerian utzi du jatorritik duen funtzio errepresiboa Altsasuko 8 gazteen kontra egindako sententziaren berrespenarekin. Azkenean terrorismo deliturik ez dela egon adierazi arren, ideologia diskriminazio larrigarria ezarri du epaitegiak; horrela, berriz ere argi geratzen delarik Auzitegi Nazionalaren kutsu eta helburu politikoa. Mendeku gosea erakusten dute epaiak eta auziak izan duen ibilbide osoak.

2019(e)ko martxoaren 18(a), astelehena

2019(e)ko martxoaren 12(a), asteartea

Altsasuko gazteak «terrorista gisa» zigortu dituztela diote gurasoek

Manifestaziora deitu dute martxoaren 24rako, Altsasun. Asteon epaia jaso ondotik, Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa dutela azaldu dute. 

Altsasuko gazteen gurasoen prentsaurrekoa, atzo, Iruñeko Katakrak liburudendan.

BERRIA. «Ia bi urte dira mina eta oinazea sorrarazten digun tunel ilun batean gaudela, eta ez dugu antzematen noiz izanen den tunelaren irteerako argia». Asteon hamaikagarren kolpea jaso dute Altsasuko zortzi gazteek zein euren gurasoek: Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak soilik Iñaki Abadi murriztu dio espetxe zigorra hamarretik sei urtera, baina gainerakoan ekaineko epaiak ezarritako 72 urteko zigorra berretsi du. «Ez dituzte terrorista gisa epaitu, baina terroristak balira bezala zigortu dituzte». Gazteen gurasoen izenean, Bel Pozuetak «mendeku gosez» aritzea eta «Guardia Zibilaren nahiei men egitea» aurpegiratu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari.

Atzo, Katakrak liburu dendan osteguneko epaiaren analisia egin zuen Altsasuko Gurasoak plataformak eta hemendik aurrerako urratsen berri eman. Agerraldia hasi aurretik, onartu zuten okerrenean jartzera ohitu izanagatik, piztutako itxaropen apurra zapuztu diela, beste behin, Auzitegi Nazionalak: «Ez da justizia ezartzen duen erakundea, ez da justiziaz ari, ez du justizia bilatzen, ez du justiziarik egiten».


Gurasoen arabera, mendekuan oinarrituta edozein herritar zigortu daitekeen bidean aurrera egin du epaiak. «Gizarteak arduraz hartu beharko luke, zeren eta gaur gure seme-alabak dira, baina aurrerantzean edonor izan daiteke». Horregatik, Hau ez da justizia lelopean, manifestaziora deitu dute, martxoaren 24rako, Altsasun (12:00). «Argi dugu Altsasuko kaleak beteko ditugula, duintasunez, denok ikusten baitugu hau bidegabekeria bat dela», nabarmendu dute.
Apelazio aretoaren ondotik, Gorenera jotzeko asmoa dute, eta nahiko lukete hark «lehenbailehen» erantzutea: «Hala ere, badakigu Espainiako justiziak nola funtzionatzen duen, eta espero dugu sei eta hamabi hilabete artean behar izatea erantzuteko».


«Neurriz kanpoko zigorra»
Bel Pozuetak onartu duenez, Europan izan diren aldietan, hainbat kazetarik galdetu izan diete «ea zenbat hildako» izan ziren Altsasun 2016ko urriaren 15 hartan. Epaiak egiaztatutzat jotzen dituen gertaerak bi guardia zibilen zein euren bikotekideen testigantzan oinarrituta daude. Pozuetaren arabera, «kontakizuna egia balitz ere», jasandako lesio larriena tenientearen orkatilaren haustura izan zen: «Hautsitako orkatila bategatik 72 urteko espetxe zigorra ezarri diete». Pozuetak gogora ekarri zuen instrukzio fasean terrorismo delituaren «erabilera maltzurra» egin zuela Lamela epaileak, eta ondoren epaitu dituzten magistratuek Guardia Zibilarekin erlazio zuzena dutela —koronel batekin ezkonduta egoteagatik edo haien dominak jasotzeagatik, besteak beste—. Gazteei errugabetasun presuntziorako eta bidezko epaiketa izateko eskubidea urratu zaiela deritzote.


Apelazio aretoak ez ditu ez gazteen ez defentsaren lekukoak aintzat hartu, eta sinesgarritasun osoa eman die guardia zibilei. Haatik, Iñaki Abaden bideoan agerian geratu zen sarjentuak gau hartan ez zituela hiru gazte identifikatu. «Orduan ez bazituen ezagutu nola da posible handik egun batzuetara identifikazio saioetan edo argazkietan ezagutzea?». Halaber, salatu dute apelazio aretoak «irizpide politikoen arabera» ezarri diela gazteei diskriminazioa larrigarri
gisa.

2019(e)ko martxoaren 9(a), larunbata

Auzitegi Nazionalak berretsi egin ditu Altsasuko gazte auzipetuen zigorrak

13 urte arteko zigorrak berretsi ditu apelazio aretoak. Epaiak terrorismo delitua baztertu du, baina autoritatearen kontrako atentatua egotzi die gazteei, "ideologia diskriminazioa" aldagai larrigarriarekin. Iñaki Abaden kasuan, sei urtera murriztu du zigorra. Lehen protesta gaur iluntzean egin dute, Iruñean.



BERRIA. Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak Altsasuko gazte auzipetuei ezarritako zigorrak berretsi ditu, auzitegiak gaur kaleratu duen eta BERRIAk eskuratu duen epaian. 2016ko urrian, bi guardia zibili eta beren bikotekideei eraso egitea egotzita, Auzitegi Nazionaleko lehenengo sekzioak bi eta 13 urte arteko espetxe zigorrakezarri zizkien.
Zigor horiek ontzat jo ditu auzitegiak, epaiari aurkeztutako helegiteak aztertu ondoren. Iñaki Abaden zigorra moldatu du soilik. Sei urtera murriztu du haren kartzela zigorra, aurreko epaian ezarri zitzaion zigorrean berak egin ez zituen ekintzengatik zigortu zutelako.
Bestalde, auzitegiak baztertu egin du gazteek terrorismo delitua egin zutenik. 2016ko urrian, bi guardia zibili eta bere bikotekideei eraso terrorista egin izana leporatzen zieten Fiskaltzak eta Covite ETAren biktima elkarteak. Fiskalak 12 eta 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen. Auzitegiak ukatu egin du terrorismo delitua egotzi dakiekeenik. Autoritatearen kotrako atentatua leporatu die epaimahaiak, eta "delitu larrigarritzat" hartu du "ideologia diskriminazioa". Erasoak guardia zibilen autoritate izaerarekin lotuta daudela frogatutzat jo du.
Epaiak jasotzen duenez, ezin da ondorioztatu Altsasuko gazteei leporatzen zaizkien gertakariak terrorismo delitua direnik eta ETAren ideien arabera jardun zutenik, ezin delako "nahitasun" hori frogatu. Apelazio aretoak argudiatu du, besteren artean, auzipetuak adin txikikoak zirela ETAk bere jardun armatua baztertzen zuela iragarri zuenean, eta, beraz, zaila litzatekeela ideia horiei eustea adin horrekin. Auzitegiak baztertu egin du gazteei desordena terroristagatik zigortzea. Adierazi duenez, epaiketan ez da frogatu ETAren babesean aritu zirenik.
Bestalde, epaiak ez dio baliorik aitortu Koxka tabernaren kanpoaldean Iñaki Abadek grabatutako bideoari. Irudi horietan Guardia Zibileko sargentoa ageri da, tabernaren kanpoaldean, alkandora zuri bat soinean duela, inolako urraturik eta orbanik gabe. Auzitegiaren esanetan, bideoak ezin du frogatu sargentuaren "egiazko egoera".
Epaimahaiak baztertu egin ditu Adur Ramirez de Alda gertakarien unean etxean zegoela frogatzeko defentsak aurkeztu dituen argudioak ere. Defentsak nabarmendu du Ramirez de Alda egun horretan jantzi ez zituen arropekin identifikatu zutela zenbait lekukok eta akusazioek. Bere amak 02:30ean etxean zegoela deklaratu zuen. Epaiaren arabera, baina, ezin da ziurtatu etxean zegoenik. Ramirez de Aldaren bizitokia tabernatik gertu dagoenez, auzitegiak ez du baztertzen hark arropaz aldatu izanaren eta Koxka tabernara joan izanaren aukera.
Altsasuko gazteen defentsak auzitan jarri zuen apelazio aretoaren neutraltasuna, joan den urrian. Helegitea aztertzeko ardura izan duen salako hiru epaileetatik bik Guardia Zibilaren aitortza jaso zutela nabarmendu zuen. Bi epaile horiek ezesteko eskaria aurkeztu zuen, eta hura baztertu zuen auzitegiak. Eskari hori egiteagatik, 600 euroko isuna ezarri zieten gazteei.
"Benetan nazkatuta  gaude"
Altsasukoak Aske plataformako kide  Aritz Leoizek ere egin ditu epaiaren inguruko lehen balorazioak: "Benetan nazkatuta gaude", nabarmendu du. Altsasuko herriaren eta espetxeratuta dauden gazteen "erabilera mediatikoa" salatu du, baita epaiaren berri hedabideetatik jaso izana ere: "Albistea ikusi dugunetik Auzitegi Nazionalera deitzen aritu dira gurasoak baina esaten zieten oraindik ez zutela albisterik, eta haiek ez zutela berria flitratu". Hortaz, Auzitegi Nazionalaren epaia "muntaiaren beste pauso" bat dela adierazi du Leoizek.
Gainera, jakinarazi du larunbatean prentsaurrekoa egingo dutela Iruñean datozen hitzordue berri emateko: "Gizarteak erantzun egin behar du. Hau salatzen segitu behar dugu. Kartzelan jarraitzen duten egun bakoitza sekulako bidegabekeria da".
Larunbatean mobilizazio gehiagoren berri emango badute ere, dagoeneko egin dute lehen protesta. Iruñean, 19:30ean, ehunka herritar bildu dira udaletxe aurreko plazan, Altsasuko gazteak aske utz ditzatela eskatzeko.