2019(e)ko apirilaren 11(a), osteguna

Irailaren 16an hasiko dira presoen eskubideen aldeko lana epaitzen

Denera, 47 lagun daude auzipetuta Espainiako Auzitegi Nazionalean, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Adi eta Etxerat elkarteetakoak, Bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Fiskalak 601 urteko eskaera egin du, denera.



Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko, milaka lagun irten ziren kalera Bilbon, 2014ko urrian.


Beste makroepaiketa bat, orain, auzipetzeak egin eta hiru urtera, euskal presoen babes taldeen aurka. Atxiloketak gertatu eta bost eta sei urtera. Badago data dagoeneko: irailaren 16a. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 euskal herritar epaitzekoak dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu; 601 urte, denera. Eta, bete ostean, beste lau eta zortzi urte artean zaintzapean. Horrekin batera, 117.600 euro isunetan. Epaiketak gutxienez hiru bat hilabete iraungo dutela aurreikusi dute auzipetuek.


Auzipetuek ohar batean azaldu dutenez, "estatuaren estolderietan sorturiko auzibidea" da 11/2013 sumarioa, "astakeria juridiko eta soziala". Urteotan guztiotan sinatzera joan behar izan dute hamabostean behin, eta debekatua izan dute Espainiako Estatutik irtetea. "Egoera honek gure bizitzak baldintzatu ditu".

Egozten zaizkienak beren "printzipio etiko eta politikoei" lotutako lanak direla nabarmendu dute auzipetuek: "Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea". Mundu osoan "inboluzioa" gertatzen ari dela azaldu dute, Altsasuko auzia eta Kataluniako egoera ikusita: "Epaiketaren atarian gauden honetan, aurreratu nahi dugu ez garela geldirik egongo. Epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu, behar den lekuan eta behar den guztietan".

2013ko irailean Herrira-ren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. Handik gutxira atera zuen EPPK-k agiria, lege baliabideak erabiltzearen aldekoa. Preso eta iheslarien aldeko urtarrileroko manifestazioaren bueltan iritsi ziren hurrengo operazioak: 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkakoa, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina