2015(e)ko apirilaren 10(a), ostirala

Xabier Olano: “Herritarren euskalduntzea doan izango da Gipuzkoan”

Gaur goizean, euskalduntze prozesua azkartzeko EH Bilduk gipuzkoarrei egiten dien proposamena aurkeztu dugu. Xedea, herritarrek horrela erabakitzen badute, neurri hau hurrengo foru gobernura eramatea eta errealitatea bihurtzea da, gipuzkoarrek ondo dakiten moduan, EH Bilduk bere konpromisoak betetzen baititu. Hurrengo legealdirako erronka da euskara ikastea doakoa izatea gipuzkoar guztiontzat.

     Euskararen ofizialtasunak herritarron hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituenez, euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermeak gidatu du Gipuzkoako EH Bilduren jarduera instituzionala lau urte hauetan.
     Horrekin batera, euskara lehenesten duen hizkuntza-politika garatu da, bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna ekarriko duen egoera lortzeko. Gainera, euskara lehentasunez erabiliz, erraztu nahi izan zaie, euskaldunei, euskararen erabilera, Aldundiaren eta udalen zerbitzuak erabiltzean.
Hemen aipatu nahiko genuke ere kanpo-komunikazio jardueran Diputazioan eta udaletan eman dugun jauzi kualitatiboa, lehendabiziko aldiz euskara lehenetsi delako. Esan behar da neurri honek harrera oso ona izan duela herritarren eta komunikabide gehienen artean.
     Era berean, nabarmendu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu guztiak euskaraz emateko engaiamendu publikoa eman duela gizartearen aurrean.
     Baina gaurkoan batez ere, euskalduntze prozesuan izandako aurrerapenak nabarmendu nahiko nituzke. Gipuzkoako herri erakundeek euskara ikasteko ematen ditugun erraztasunei eta diru laguntzei esker, gero eta gipuzkoar gehiagok ikasten du euskara. Ia 1.000 ikasle berri, azken bi urteotan (+5'7% 2012-2013 ikasturtean; + 8,9% 2014-2015 ikasturtean).
     Bildu dugun informazioaren arabera, 2014an gutxienez, 5 milioi € jarri dituzte Gipuzkoako erakundeek helduen euskalduntze arloan. Gainera, azken bi urteotan %15eko hazkundea izan du ekarpen horrek.
     Eta askoz baliabide gehiago jartzeaz gain, diru-laguntzak eskatzeko eta jasotzeko tramitazioa erraztu dugu. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, herrialdeko udalek eta euskaltegiek euskara ikasteko diru laguntza eredu bateratua diseinatu dugu.
     Bost milioiko da, bai, Gipuzkoako erakunde publikoen aurrekontua, oraindik ez dakitenek euskara ikasi ahal izateko. Arlo honetan lau urte hauetan Gipuzkoan lortu ditugun aurrerapenak nabarmenak izan dira, eta hizkuntz-politika ausart honen ondorioa da gero eta gipuzkoar gehiago gure hizkuntza ikasten ari dela. Baina herritar guztiek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko kopuru hau ez da nahikoa.
     Faltan botatzen dugu, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren esfortzu handiagoa. Helduen euskalduntze arloan, beketan bere urteko aurrekontua soilik milioi batekoa baita. Eta hori ez da nahikoa, gutxiegia da, huskeria. Batez ere kontuan hartzen badugu hizkuntz politika Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela, ez besteona. Gure kalkuluen arabera, gutxi gora behera, beste bi milioi beharko lirateke gipuzkoar guztiok dugun euskara ikasteko eskubide bermatzeko.
     Izan ere, Euskalduntze prozesuak erabat doakoa izan beharko luke. Eta hau ez dugu guk esaten, hau ez du EH Bilduk esaten, HABEren legeak dio, eta Eusko Jaurlaritza ez da legea betetzen ari.
EAJk euskalduntze prozesuan inbertitzeko dirurik ez dagoela dio, baina dirua egon badago. Adibidez, eskumena duten erakundeek emandako datuen arabera, AHTko kilometro bakoitza eraikitzeko, denon artean 28 eta 30 milioi euro artean ordaintzen ari gara. Beraz, AHTaren 70 metro eraikitzeko erabili behar den aurrekontuarekin, euskara ikastea erabat doakoa eta unibertsala izango litzateke Gipuzkoa osoan.
     AHTren 70 metro eraikitzea ala euskara ikasteko doakotasuna. Hori da erakunde publikoek egin behar duten hautua. Eta guk oso garbi daukagu zein den gure hautua. Guk euskaldun 'berri' gehiago lortu nahi ditugu lehenbailehen. Euskararen normalizazioa lortzeko funtsezkoa da helduen euskalduntzea, euskaraz bizi ahal izateko guztiok euskara ezagutzea beharrezkoa baita. Gipuzkoako herri erakundeok ahalegin handia egiten ari gara gero eta gipuzkoar gehiagori errazteko euskara ikastea. Baina esan bezala, oraindik beste esfortzu handiago bat egin behar da.
     Zentzu honetan, jasotako iritzi eta datuen arabera, euskaltegietako izen emateen gora-beheretan aldagai garrantzitsuak dira euskara ikasteko laguntzak eta horiek eskuratzeko modua. Eta arazo hori erabat konponduko dugu datorren legealdian.
     Helduen euskalduntzearen doakotasunerantz urratsak emango ditugu, udalekin eta arloko eragileekin elkarlanean, diru laguntzen eraginkortasuna bilatuz. Hau da, Gipuzkoan euskara ikastea erabat doakoa izango da datorren legealdian. Eusko Jaurlaritzak dagozkion dirua eta bitartekoak jarri ala ez.
     Legealdi honetan kudeatzen egon garen erakundeetan, herritar guztien eskubideak bermatze aldera, zerbitzu guztiak euskaraz emateko jauzi handia eman dugu. Baita udal zein Aldundiaren langileen lan hizkuntza euskara izan dadin. Asko dago egiteko, baina euskararen ezagutzaren tasak igotzea da lehentasunezkoa une honetan. Demostratua dago gero eta jende gehiagok euskaraz baldin badaki, gero eta aukera gehiago egoten direla euskaraz aritzeko eta, beraz, gure hizkuntza normalizatzeko eta hamarkadetan izandako mendekotasuna gainditzeko.
     Euskal Herrian Euskara ikastea herritar guztion eskubidea da. Frantzian frantsesa ikastea edo Gaztelan gaztelera ikastea den moduan. Batzuk ikastoletan ikasteko aukera izan dute, baina beste askok ez, eta erakunde publikoek herritar guztiei zor diegun zerbait da proposatzen ari garena, hau da, euskara ikastea erabat doakoa izatea.
     Gure programaren eta gaurkoan eta hurrengo egunetan aurkeztuko ditugun neurri guztien helburu nagusia herritarren interesak defendatzea da. Eta zentzu horretan, euskara ikasteko eskubidea erabat bermatua izatea, gipuzkoar guztiontzat ona dela deritzogu. Borondate politiko kontua da. Eta guk badugu. Eta ez dugu zalantzarik gaur aurkeztu dugun neurri honekin ere, herritar guztiok garaile ateratzen garela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina