2015(e)ko apirilaren 12(a), igandea

Estadioak betetzera deitu dute, erabakitzeko eskubidearen defentsan

Erabakitzeko eskubidearen alde dauden norbanakoek eta eragileek ekitaldi garrantzitsua dute ekainaren 21ean: egun horretarako, hautetsontzi "erraldoiak" osatzeko deia egin dute Euskal Herriko bost hiriburuetan.

Bilboko San Mames futbol zelaia, Donostiako Anoeta estadioa, Iruñeko zezen plaza eta Gasteizko Buesa Arena pabiloia erabakitzeko eskubidearen aldeko "borondatez" bete nahi ditu Gure Esku Dago dinamikak. Baionan ere egingo dute ekitaldia, baina ez dute lekua oraindik zehaztu.
     Ekainaren 21eko ekitaldien xehetasunen berri eman zuten atzo Gure Esku Dago-ko bozeramaile Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek, Bilboko Euskalduna jauregian eginiko agerraldi batean. Egun horretan erabakitzeko eskubidearen aldeko "ekintza jendetsua" egin nahi dutela azaldu zuten. Garrantzi handikoa izango da, Oiarbideren esanetan: "Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenetik gauzapenera igarotzeko mugarria izango da".
      Joan den urteko giza kate arrakastatsuaren ondotik etorriko da estadioak betetzeko egitasmoa.        "Erabakitzeko eskubidea erabili ahal izateko, ekainaren 21ak bidea hasiko du; aldarrikapenaren urrats garrantzitsua izango da". Aurtengo ekitaldiaren helburu nagusia hori delako: pauso bat harago joatea, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena gauzatzeko borondatea agertzea. Horretarako, aurreko hilabeteetan banatu eta jositako oihal zatiekin hautetsontzi erraldoiak osatuko dituzte. "Oihal zatietan norbanakoek idatzitako amets, desio eta aldarrikapenak jasoko dituzte hautetsontzi horiek, erabakia posible izan dadin adostasunerako daukagun borondatearen adierazle", azaldu zuen Oiarbidek.
     Gure Esku Dago dinamikaren bide orriarekin bat datoz ekainaren 21eko ekitaldiak: "Ehundu, adostu eta erabaki". Hala, hiriburuak "borondatez" bete nahi dituzte, berandu baino lehen erabakitzeko eskubideaz galdeketa egin dadin. Horretarako, herri eta auzoetan jositako oihal zatiekin giza kateak osatuko dituzte eguerdian. Arratsaldean egingo dira ekitaldi nagusiak, San Mamesen, Anoetan, Buesa Arenan, Iruñeko zezen plazan eta Baionan.
    Datozen asteotan emango dute lurralde bakoitzean prestatu dituzten egitarau zehatzen berri. Estadioetako edukiera arazoak saihesteko eta finantzaketarako, sarrerak beharko dira arratsaldeko ekitaldietarako. Apirilaren 21ean jarriko dira salgai, eta 10 euroko salneurria izango dute —5 eurokoa haurrentzat—. Bertara egun horretarako propio egindako elastikoak jantzita joateko gomendatu dute. Sarrerak eta kamisetak herrietan eta euren webgunean jarriko dituzte salgai.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina