2016(e)ko martxoaren 28(a), astelehena

Gipuzkoako hondakinen kudeaketa pribatizatuko dute erraustegia egiteko

[Pello Zubiria Kamino] Diario Vascok hiru egun lehenago aurreratu zuen moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen kudeaketa 35 urterako esku pribatuen esku uztea erabaki du, honek Zubietan errauste planta eraiki dezan. Diputazioak eta udalak biltzen dituen mankomunitateek osatutako GHK partzuergoak asteartean onartu dute erabakia, udaberrian kontrata pribatua hautatu eta udazkenean obrak hasteko asmoarekin.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak prentsari azalduaren arabera, orain lau dira Zubietan eraiki nahi dituzten plantak:
– Energia balioztatzeko planta bat (erraustegia), 200.000 tona erretzeko eta elektrizitatea sortzeko aukera emango duena.
– Tratamendu mekaniko-biologikoko zentro bat (TMB).
– Biometanizazio-planta bat.
– Zepak balioztatzeko zentro bat.
Proiektuaren lehen fasea osatzen duten TMB eta errausketa plantaren artean 200 milioi euroko kostua edukiko dute, osorik kontratista pribatuak aurreratu beharko dituenak. 35 urterako kontratistaren esku geratuko dira Gipuzkoako hondakinak, GFAren arduradunen esanetan PPP- Public Private Partnership ereduan funtzionatuko duen epe luzeko operazio baten barruan.

Gipuzkoan hondakinen zentro publiko-pribatua sortzeko GHKk aldaketa juridikoak egin beharra zeukanez, astearte arratsaldean premiaz deitutako batzarrean onartu ziren. Bilera garaian, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, GFAren Donostiako jauregiaren atarian protesta egin zuten zenbait herritarrek eta ezkerreko hautetsi batzuek.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina