2016(e)ko martxoaren 2(a), asteazkena

Bilgune Feministaren aldarria Martxoaren 8rako: «Feminismoak egingo gaitu herri»

Emakumeen aurkako indarkeria desberdinak «normaltzat» hartzen dituen egoeran emakumeak ez direla «bakean» bizi nabarmendu du Bilgune Feministak Martxoaren 8rako irakurketan. «Burujabetza feminista eraikitzeko, feministok kalean kontra-boterea artikulatzearekin batera, boterearen jabe izan behar dugu», azpimarratu dute.

NAIZ.EUS-. Ohar bidez, Bilgune Feministak Martxoaren 8ari begirako bere irakurketa plazaratu eta hitzordu horri begira egindako spota aurkeztu du.

 Azken urteotan bake hitza hizpide izan da Euskal Herrian azaldu dute feministek, baina argituz ez dutela «soilik zuzeneko indarkeriarik edo gerrarik gabeko egoera» gisa ulertzen. Zentzu horretan, azpimarratu dute emakumeak ez direla «bakean» bizi, «ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, erailketak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak eguneroko errealitate diren gurean».

«Ez dugu patriarkatuaren bakean sinesten, herritarron ahalduntze, eta herria eraiki eta antolatzeko bide feminista aukeratzen dugu», adierazi du Bilgune Feministak.

Burujabetza feministaren bidean, «estrategia kolektibo feminista bat osatzeko apustua» egiten dutela aldarrikatu dute, Euskal Herria osatzen duten «subjektuen burujabetza bultzatuko duen ahalduntzea hezur mamitzeko, gorputzak eta harremanak eraldaketa prozesuaren erdigunean jarriko dituena».

Existitzen den zapalkuntza oro gainditzeko bidean, feministek «kalean kontra-boterea artikulatzearekin batera, boterearen jabe» izan behar dutela esan dute, nabarmenduz «boterea hartzea gaitasun politikoa eta inzidentzia irabaztea bezala» ulertzen dutela, «mapa politikoa baldintzatu ahal izateko, hartzen ari diren erabaki eta neurrietan eragiteko eta aldaketa sozialaren oinarriak markatu ahal izateko».

Ahalduntze kolektiboaz «feminismoak herri egingo gaituela» aldarrikatuz, erronka handiak daudela onartu du Bilgune Feministak. «Bina museko partida honetan handira jokatzeko tenorean gaude. Enbidoari hordagoa!», azpimarratu dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina