2017(e)ko urtarrilaren 14(a), larunbata

Jendetza bildu da Bilbon, presoen eskubideen alde

Dani Blanco (ARGIA)
78.000 lagun bildu ditu Sare Herritarrak giza eskubideen, gatazka konpontzearen eta bakearen alde deituriko mobilizazioak, Gara egunkariak egindako zenbaketaren arabera. “Hau da Paris eta Madrilgo gobernuetako azken bulegoraino eraman nahi dugun irudia”, esan du Joseba Azkarraga Rodero Sareko kide eta pankarta nagusia zeramaten hamahiru pertsonetako batek, Zabalburu plazan, manifestazioaren erdian, egindako adierazpenetan.

      “Ikuspuntu demokratikotik ezin zaio egora honi eutsi, eta 2017 blokeoa gainditzeko urtea izan behar da”, esan du Azkarragak; “ez dago alderdi politikoen eta erakundeen aitzakia gehiagorako lekurik, euskal jendartea eskatzen ari da parlamentutan dauden gehiengoak baliatu eta politikak alda daitezela”. Sarek, herritarren babesa baliatuz, bere jardunaren fase berri bati ekingo diola gehitu du Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak.

    
     “Euskal presoak etxera”, “Presoak kalera, amnistia osoa”, “Iheslariak etxera”, etengabe entzun dira oihuok, tarteka euria lagun. Bereziki gogor bota du manifestazio burua Buenos Aires kalera hurbildu ahala, baina azken ekitaldirako atertu du. Andoni Aizpuru eta Nerea Alias esatariek hartu dute orduan hitza, Bilboko Udaletxeko aurrealdetik: “Entzun eta senti gaitzatela Parisen eta Madrilen, Espainia eta Frantziako espetxeetan eta erbestean”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina