Gaurkoan
hemen bildu gara, euskaraz bizi nahi dugun hainbat lagun. Euskaraz bizi
nahi horrek batzen gaitu, elkartasun hariak josten ditu gu guztion
artean.
Mingarria da ordea, beste zenbaiten
aldetik, agintari arrotzen eskutik, euskaraz bizi nahi hori itotzeko,
euskara hil-hurren uzteko, euskaldunon aurka duten erra etengabea.
Euskaldunok euskaraz bizitzeko aukera bakarra dugun gure herrian,
euskaraz bizitzea bezain asmo soila gauzatu ahal izateko neurriak, ez
direla legezkoak diote.
Bada garaia, horiei,
euren aginduak gurean ez direla zilegi esatera. Gure herriaren berezko
hizkuntzan bizitzeko eskubidea eta asmo dugula irmo adierazteko. Gure
hizkuntzari lotutako erabakiak hartzeko aske izan nahi dugula esateko.
Euskaraz bizi nahi dugun pertsonak gara eta
euskaraz bizitzeko determinazioa dugunak. Euskaltzaleak gara, jartzen
dizkiguten oztopoei aurre egiteko prest gaudelako, euskaraz bizitzeko
hori egitera behartzen bagaituzte. Baina, euskaltzaleak gara, euskaraz
bizitzeko neurriak hartzen dituztenak babesteko eta txalotzeko prest
gaudelako ere.
Argi dago euskaraz bizi ahal
izatea ez dagoela soilik herritarron esku. Euskaraz biziko bagara,
ezinbestekoa da herritarron eta instituzioen konplizitatea. Bide
horretan, neurriak hartu eta aurrera egiten badute, argi izan dezatela,
bidelagun izango gaituztela. Aukera hau baliatu nahi dugu, hain zuzen,
oztopoen gainetik aurrera egitea erabaki duten horiek zoriontzeko eta
gainerako instituzioei ere bide berean urratsak ematera gonbidatzeko Ez
ditugu bakarrik utziko eta oztopoei elkarrekin egingo diegu aurre.
Gaur
hemen bildu garen taldea Euskal Herrian zehar dagoen grinaren lagin bat
gara. Geroz eta euskaltzale gehiago ikusten dugu han-hemenka euren
euskaraz bizitzeko nahian irmo. Oztopoen gainetik, aurrera egiteko
determinazioa erakusten duen jendea ugaritzen ari dira. Bide horretan
bat eginez gero, euskaltzaleon, euskaraz bizi nahi dugunon elkartasunak
horma altuenak, oztopo gaiztoenak ere gainditzeko indarra izango du.
Horregatik,
euskaltzale horiei guztiei dei egiten diegu, datorren larunbatean,
otsailaren 28an arratsaldeko 17:30ean abiatuko den manifestazioan parte
hartzera. Guztiok argi adierazi dezagun: oztopoen gainetik, euskaraz
biziko gara!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina