2015(e)ko otsailaren 21(a), larunbata

Mende erdi, aldarrikapen berak

Zuri-beltzez tindatutako aldarrikapenak iduri lezakete lehenbiziko begi kolpean. Beste garai batekoak. Antzinako kutsuko premisak: erabateko berdintasuna, errepresioaren kontra tinko altxatzea, arrazen arteko segregazioaren mehatxuari aurre egitea edo diskriminaziorik eza sustatzea. Egungo kezkak dira, alabaina. Eta orain mende erdikoak. Malcolm X aktibista hil eta 50 urtera, izan ere, arnasa hartzeko eskubidea galdegiteari eusten diote AEBetan Afrika beltzeko arbasoak dauzkatenek. Itota sentitzen dira: justifikatu gabeko atxiloketak, miaketak, tratu txar salaketak... Ia etengabeak dira. Afroamerikar ugariren egunerokoaren parte. Eta mende erdi igarota, oraindik mahai gainean segitzen dute antzeko aldarrikapenek.



BERRIA-. Arrazaren araberako jazarpena gaitzesten lehenetarikoa izan zen Malcolm, eta arrazismoaren aurkako kexuak beltzen eskubideen aldeko borrokarekin uztartzen, kementsuenetarikoa. Lozorrotik esnatu zuen garai hartan ahula zen komunitatea; bozkatzeko eskubiderik ere ez zuten afroamerikarrek. Elkartu, antolatu eta mugimendu sendoa erna zedin premiazko giltzarria izan zen Malcolm. Kontzientzia beltzaren ahotsa bilakatu zen, eta hari zor zaio beltzen kontrako krimenak bistaratzea eta gizarteko kezken erdi-erdian kokatzea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina