2015(e)ko martxoaren 26(a), osteguna

Presoen eta senideen eskubideen aldeko manifestaziora deitu dute Donostian larunbaterako

Manifestaziorako deia egin dute Etxerat elkarteak eta beste hogei eragilek etziko, Donostian. Anoeta estadiotik abiatuko da, 17:00etan, eta honako lelo hau izango du: Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera!. Euskal presoen babes taldeen aurka atzo eginiko polizia operazioa salatuko dute.

BERRIA.EUS-. Lau atxilotuek uko egin diote Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari. Bihar, epailearen aurretik igaroko dira. Tratu zuzena jaso dutela adierazi dute.
Etxerat-ek deituta, agerraldi jendetsua egin dute gaur goizean Donostiako Antiguo auzoko frontoian, eta han eman dute mobilizazioaren berri. Elkartearen izenean, Maider Alustizak salatu du azken atxiloketekin Espainiako Estatuak presoen senide eta lagunen kontra egin duela, aurretik presoen eskubideen alorrean ari diren beste talde batzuekin —abokatuak aipatu ditu— egin bezala, Etxerat elkartea ere "kriminalizatzeko". Alustizak azaldu du azken asteetan elkarteko kideek nabaritu egin dutela jazarpen hori; bereziki, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu eta Europako instituzioetara bidaia egin eta hango eragileekin elkarrizketatu ostean. "Atxiloketa horiek izan dira kriminalizazio kanpaina baten ondoriorik latzenak".
"Ezin gaituzte ixilarazi baina, gure salaketak estaltzen saiatuko dira, gure elkartea deslegitimatzen. Gure giza eskubideak urratu ditzakete, gure eskubideak urratzen dituzte, baina ez dute jendarteak horren berri izatea nahi", azpimarratu du Etxerat-eko kideak. Haren arabera, euskal gizartearen "gehiengo" babesa dauka, gainera, elkarteak.
Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio Alustiza. Iñigo Urkulluren gobernuaren aldetik ez dutela mezurik jaso adierazi du; atzo kaleratutako oharra baino ez, eta hori ez dela aski salatu du. Gogoratu du otsailaren 25ean Urkullu berarekin eta Baketa eta Bizikidetza Idazkaritzako buruekin bildu zirela Etxerat-eko kideak. Eta "halako zerbait" etorriko balitz, babesa eskatu ziotela EAEko lehendakariari. "Etorri da eta formak baino ez dituzte kritikatu, Ertzaintzari ez zitzaiola abisatu. Hau ez da esan zitzaiguna, hau ez da merezi dugun babesa" , kritikatu du Alustizak.
Etxerat-en arabera, "guztion" ardura da "giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzea". Hori hala, manifestazioarekin bat egin duten alderdi politiko eta taldeen babes eskertu du. Ohar baten bidez egin dute bat heremeretzi eragilek martxarekin. Polizia operazioa salatu dute eta azpimarratu dute "gizarteari berari" dagokiola "eraso" horri erantzutea. "Konponbideari, giza eskubideen errespetuari eta bakeari atea itxi nahi dion oro gelditzeko nahitaezkoa da gure konpromiso aktiboa", azpimarratu dute. Honako alderdi eta eta taldeek sinatu dute oharra: Aralar, Sare, Eusko Alkartasuna, LAB, ELA, Ernai, Sortu, Gazte Abertzaleak, Stee-eilas, HIRU, Alternatiba, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herrian Euskaraz, Etxerat, Jaiki Hadi, Egiari Zor Fundazioa, TAT, Elkartzen eta Giza Eskubideen Behatokia. Bake Bideak ere babestu du martxa. Beasaingo CAF enpresako langileek, berriz, ordubeteko lanuztea egingo dute bihar.

Presoen eskubideak urratuta
Jaiki Hadi elkarteak Bilbon eginiko agerraldian salatu ditu elkarteko kide Oihana Barrios eta Fernando Arburuaren atxiloketak. Elkartearen "kriminalizazioa" bilatzen dutela salatu dute. Alta, Jaiki Hadiren profesionaltasuna aldarrikatu dute, eta baita ere presoen osasunerako eskubidea. Asistentzia eskaintzeaz gainera, "pazienteek jasan dezaketen arduragabekeriak salatzea" ere beren lana dela deritzote.
Halaber, miaketeten ondorioz, "informazio kliniko eta asistentzialaren konfidentzialtasunaren babesa" kolokan egon daitekeela ohartarazi dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina