2015(e)ko martxoaren 3(a), asteartea

Euskal Bidean "indarrak batzeko" dei egin die goierritarrei EH Bilduk

“Irtenbide errealista bakarra Euskal Estatu independientea delako” EH Bilduk eta EH Baik mahai gainean jarri duten Euskal Bidera batzeko deia luzatu dute gaur arratsaldean Goierriko EH Bilduko kideek prentsaurrean.
    Nazioartean eta Euskal Herrian egoera politiko “erabakigarria” bizi dugula sinetsita, “bere buruaren jabe izateko” bidea abiatu duten herriak aipatu ditu Axular Barandiaran EH Bilduko bozeramaileak agerraldian. Irlanda, Eskozia, Katalunia nahiz Grezia adibide, “herrien bidea herritarren urratsetan eta erabakietan” dagoela aldarrikatu du.

GOIERRIKO HITZA. Euskal Bidearen proposamena “askatasuna irabazteko” abiatu dutela azaldu du: “Aspaldian hasi zen bidea osatzen, noski, baina gaur eta hemen gure betiko helburua begi argiekin ikusten dugu: oso urrun heldu gara eta independentziaren ametsa errealitate bihurtzeko sekulako aukera dugu”. Gauzak horrela, “indarrak batzeko” dei egin du, biderik eraginkorrena “bidelagunen multzo handia” osatzea delako.
     BECen larunbat honetan egingo den ekitaldira joateko gonbita egin die herritarrei. BECen Euskal Bidean sakontzeko urratsa emango dela iragarri du Barandiaranek: “BEC plaza handi bihurtuko dugu, herritarren plaza. Bertaratuko diren 10.000 lagunak izango dira protagonista, baita goierritik joango garen guztiok ere”.

Autobusak herriz herri 
Larunbatean Barakaldora joateko autobusak antolatu dituzte Goierriko herrietatik. Ostiralera arte eman ahal izango da izena ondoko lekuetan: Legorretan Olason; Itsasondon Kaxintanen; Ordizian Herrikoan, Alkartetxean eta Pottokan; Zaldibian Joxepanen eta Illatin; Beasainen Arranon eta Basakanan; Lazkaon Herrikon eta Albokan; Ataunen Troskaetan; Seguran Elorripen; Zegaman Itzalan; Urretxun Motz eta Apatxen; Zumarragan Amalur eta LABen egoitzan; eta Legazpin Lekanazpi, Kukue, Karibe Zaharra eta Oilarran.
     Larunbateakoa “sorpresaz beteriko ekitaldia” izango dela ziurtatu du EH Bilduko kideak eta nagusi izango dela “independentziaren aldeko oihua”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina