2015(e)ko martxoaren 1(a), igandea

Guztion etorkizuna jokoan dago HELDU INDEPENDENTZIARI

Independentistak sareak 2015eko Aberri Eguna apirilaren 5ean Iruñean ospatzeko deia egiten die herritarrei. Aurten ere, aldarrikapena eta jaia uztartuz, ekimen zabal eta partehartzailea antolatzen ari dira, gure herriaren etorkizuna era libre eta demokratikoan eraiki nahi duten herritar guztiei Aberri Eguna aniztasunean elkarturik ospatzeko aukera eskaini nahi diegulako.

Lema Guztion etorkizuna jokoan dago. HELDU INDEPENDENTZIARI! izango da. Gero eta nabarmenagoa da Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dagoela. Gure ingurura begiratu eta hauxe besterik ez dugu ikusten: krisi ekonomikoa eta egundoko ustelkeria; inboluzio politikoa eta eskubiden murrizketak; babes sozialaren eta zerbitzu publikoen deuseztea; langabezia, pobrezia eta esklusio soziala; genero indarkeria eta diskriminazioa; gure hizkuntza, kultura eta hezkuntza sistemaren aurkako etengabeko erasoak; gure jarduera ekonomikoaren erorketa eta ehun produktiboaren ahultzea...
Okerrena zera da, egungo estatus juridiko-politikoak, espainiar eta frantziar Estatuek inposatzen diguten panorama larri honetan murgiltzeaz gain, ez digula egoera eraldatu eta geure etorkizuna eraikitzeko aukerarik eskaintzen. Euskal Herriaren etorkizuna ataka larrian dago benetan. Guztion etorkizuna jokoan dago.
Baina Aberri Egunari begira mezu baikorra luzatu nahi diote euskal jendarteari. Independentistak sarearen ustez posible delako egoera eraldatu eta etorkizun berri bat eraikitzea. Horretarako geure buruaren jabe izan behar dugu, eta inposatzen diguten estatuen mundu honetan aitortuak izateko eta burujabeak izateko aukera bakarra daukagu: estatu estatusa lortzea.
Etorkizun ilun hau alde batera utzi eta beste etorkizun bat eraikitzeko aukera bakarra independentziaren bidea da. Horrexegatik diogu: HELDU INDEPENDENTZIARI!
IMAJINA EZAZUE INDEPENDENTZIA
Zera esaten die euskal herritarrei, gaztetei bereziki: imajina ezazue independentzia! Imajina ezazue justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako euskal gizartea; gazteriari lana eta etorkizuna eskaintzen diona; adineko herritarrei bizitza duina bermatzeko pentsioak eta babes soziala ziurtatzen diena; pobrerik gabeko Euskal Herria; dibertsitatearen aitortzan, errespetuan eta ekartasunean oinarritutako jendartea; demokrazia partehartzailea edo euskaraz bizi den herria.
Independentziak gure ametsetako Euskal Herri hori errealitate bilakatzeko aukera eskaintzen digu. Etorkizuna geure esku dago, sinesten badugu lortuko dugu.
Horixe iradoki du Independentistak mugimenduak Aberri Eguna iragartzeko argitaratu duen kartelean: hedu, beldurrik gabe, herritar libreen herri librera, herritar zoriontsuen Euskal Herrira, eramango gaituen independentziaren izar berdeari! Bidai zoragarria, itxaropen eta ilusioz betea. Heldu independentziaren magiari!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina