2015(e)ko urriaren 27(a), asteartea

Zaborren zuloa ixtearen zuloa

Sasieta mankomunitateak 1.665.000 euroko zuloa du. Horixe da mahai gainean dagoen datua. Sasietako zabortegia urrian irekiko zela aurreikusten zuen Sasieta Mankomunitatearen 2015. urteko aurrekontuak, eta horrek hiru hilabetean 1,7 milioi euro inguruko diru sarrerak ekarriko lizkioke mankomunitateariu. Zabortegia ez da ireki, ordea, eta orain zulo ekonomikoari aurre egin beharrean aurkitzen dira Goierriko 22 udal.


GIPUZKOAKO HITZA-.  Lapatxekoarekin (Azpeitia) batera, Sasietakoa zen 2015aren hasieran irekita jarraitzen zuen Gipuzkoako zabortegi bakarra. Hara joaten ziren Gipuzkoako gainerako mankomunitateetako zaborrak. 144 euro jasotzen zituen Sasieta mankomunitateak zabortegira botatako tona bakoitzeko, eta diru iturri garrantzitsua zen urteko aurrekontuak taxutzerakoan. Aurtengo urtarrila izan zen zabortegiaren azken hilabetea; otsailaren 1az geroztik itxita dago, eta, diru iturri hori moztuta, hondakinen bilketa eta tratamenduak eragindako gastuak ordaintzeko baliabide inportantea galdu du Sasietak.

Akordioa GHKrekin
Mankomunitateko aurreko zuzendaritzak (EH Bildu), ordea, zabortegia berriro irekitzeko asmoa zuen, eta zabortegia urte amaieran zabaltzeko aurreikuspenarekin taxutu zituzten 2015eko aurrekontuak. “Horretarako akordio bat lortu genuen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarekin. Lohien tratamendurako eta esparrua inpermeabilizatzeko obrak egingo zituzten, eta ahalik eta denbora laburrenean berriro irekiko genuen zabortegia”, azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri Azeari Andonegik, Lazkaoko alkate ohi eta Sasieta mankomunitateko lehendakari ohiak (EH Bildu).

Teknikarien aurreikuspenei kasu eginda, aurtengo urritik aurrera zabortegia martxan legokeela jaso zuten aurrekontuetan, eta, ondorioz, berriro ere beste eskualdeetako zaborrak bertara botatzeagatik dirua jasotzen hasiko zela mankomunitatea. “Baina GHKrekin egindako akordioa ez zen horretan gelditu. Bagenekien aurreikuspenen gainean ari ginela, eta zabortegiaren irekieran atzerapenak izan zitezkeela. Hori dela eta, klausula bat gehitu genion GHKrekin egindako akordioari”. Atzerapen posible batek mankomunitatearen 2015eko aurrekontua ezbaian jar zezakeelakoan gehitu zuten klausula hori. “Egonkortasun ekonomikoa bermatu nahi genuen, ez genuen zulorik nahi, eta, horregatik, GHKrekin ordainketa aurrerapen bat hitzartu genuen. GHK-k diru bat jarriko zuen, zabortegia martxan jarri eta gero beste eskualdeetatik etorriko zen zaborraren aurre ordainketa gisa”. 

Andonegik dioenez, gauzak ondo lotuta utzi zituzten aurreko agintaldian mankomunitatearen agintaritzan egon zirenek. “2015ean aurrekontu bat egin genuen, eta betetze maila ona izango zen, zehaztutako bideari segituz gero”.

EAJ eta PSEk sorturiko zorra 
Azalpen horiek emanda, Andonegik gaineratu du ez dela inola ere bidezkoa mankomunitateak orain duen zorraren erantzukizuna EH Bilduri egoztea. Hain zuzen, Andonegi buru zela prentsaurrekoa eman dute aste honetan Goierriko EH Bilduko hainbat kidek. Lazkaon izan zen agerraldia, Diario Vasco egunkariak gaiari buruz kaleratutako “informazio interesatua gezurtatzeko”.

“Gezurra da EH Bilduren kudeaketaren ondorioz sortu dela 1,6 milioi eurotik gorako zorra”, esan zuen Andonegik agerraldi horretan, “zuloa EAJ eta PSE-EEren erabakiek sortu dute”. Izan ere, Andonegik zehaztu du hauteskundeen ondotik EAJ dagoela Sasieta mankomunitatearen zuzendaritzan eta EAJk eta PSE-EEk agintzen dutela GHKn.

“Zer gertatu da guk lotutako akordioarekin?”, galdetzen du Andonegik orain. Aurreko agintaldian lortutako akordioa EAJk eta PSEk baliogabe utzi dutela argi du mankomunitateko lehendakari ohiak, baina ez daki nola eta noiz gertatu den hori. “Azalpenak Sasietako eta GHK-ko agintari berriek eman beharko dituzte”.

“Dena den, ez dut ulertzen negoziazio honetan zer gertatu zaien Sasietako ordezkariei. Izan ere, errealitatea da egonkortasun bat bermatuta zegoela, eta hitzarmen bat bertan behera utz daiteke edo ez, baina egonkortasun hori bermatzen zuten puntu horiek ere lotu beharko zituzten, ezta?”. Hitzarmena etetearen ondorioak EH Bilduri leporatzen saiatu direla dio Andonegik, baina hori ez dutela onartuko. “Hitzarmen horrekin aurrera ez jarraitzea EAJk eta PSEk erabaki dute, eta hemen bakoitzak bere gain hartu behar ditu bere erabakien ondorioak”.

Bestalde, ez du bidezko ikusten 1,6 milioi horien karga Sasieta mankomunitatearen geldikinetik eta, are gutxiago, udalen bizkarretik ordaintzea. “Bazegoen bidea zulorik ez egiteko, eta orain zulo hori udalek ordaintzea, egoera hain zaila denean…”.

Andonegik ez daki zabortegia 2016an irekiko duten edo ez, baina Sasieta mankomunitateko hurrengo urteko aurrekontuetan ez da zabortegiaren sarrerarik aurreikusten. Gipuzkoako Hitza saiatu da mankomunitateko presidente eta Beasaingo alkate Aitor Aldasororekin hitz egiten, baina ezinezkoa izan da

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina