2015(e)ko urriaren 21(a), asteazkena

Bada bizitzeko beste modu bat

Alternatibak dituen herria bizirik dago». Hori irudikatu nahi du Alternatiben Herriak larunbatean Bilbon. «Hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez beteriko herri txiki bat» sortuko dute Areatzan eta hiriburuko alde zaharrean. Orain arte eginiko ibilbideari Euskal Herri osorako egitasmo batekin emango diote jarraipena. Urrats hori egiteko eta erronka berriei ekiteko baikortasunak duen garrantzia nabarmendu du Liz Quintana Alternatiben Herria mugimenduko ordezkariak: «Sinetsi egin behar dugu gauzak aldatzeko gaitasuna daukagula». Ahalik eta jende gehienarengana iristea dute helburu, ezinbesteko oinarri hori sendotzeko.


BERRIA-. Egungo sistemari aurre egiteko alternatibak badaudela eta jada martxan daudela ohartarazi nahi dute deialdiaren bidez. Eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean alternatibak eraikitzen ari diren pertsona eta eragileak bildu, eta plazara aterako dituzte datorren larunbatean, «aldaketaren hazia» direla erakusteko. Eredu sozial berriari begira, lau helburu finkatu dituzte: ongi bizitzea, pertsonen eta herrien premiak asetzea, pertsonak eta planeta zaintzea, eta nagusi den sistema aldatzea. «Izan ere, mozkinak bilatu ordez, bizitzaren iraunkortasuna bilatzen duten proiektu asko daude. Gure esku dauden alternatiba praktikoak dira», Quintanaren esanetan.

Bizitza bera da helburu nagusi horiek guztiak biltzen dituen zutabea. Alternatiben Herriak defendatzen duen eredu sozioekonomikoak hori lehenesten du: «Pertsonen bizitza jarri behar dugu guztiaren erdigunean. Perspektiba aldaketa hori oinarrizkoa da», adierazi du Quintanak. «Egungo sistemak alternatibarik ez duela errepikatzen digute behin eta berriz, baina ez da egia». Mundu justuago bat eraikitzea herritarren esku dagoela berretsi du Liar Gonzalez Alternatiben Herriko ordezkariak ere: «Saltzen diguten mundu idilikoa ez da egiazkoa». Aurre egiteko hiru gako azpimarratu ditu: aberastasuna modu orekatuan banatzea, patriarkatua amaitzea eta aske bizitzea. 

'Sistema aldatu, ez klima'
«Hainbat gorputz hilarazi dituen diruak hamaika arima hiltzen ditu egunero». Giovanni Papini idazle italiarraren esana bildu zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean. Eta ideia berari eutsiz, klima aldaketaren edota energiaren inguruko perspektiba aldatzearen garrantzia nabarmendu du Quintanak: «Ohartu behar dugu horren guztiaren atzean sistema dagoela. Mugarik gabeko ekoizpena baimentzen duen sistema horrek martxan jarraitzen duen bitartean, oso zaila da klima aldaketaren inguruko erabakietan eragitea». Beharrezkoa da sistemari aurre egiteko aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko bat, ordezkariaren ustez.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunarekin ekin zioten aldaketarako bideari 2009an. Sindikatu eta gizarte eragile ugari elkartu ziren orduan. Guztien artean proposamen alternatiboen dokumentu bat osatu zuten, eta, geroago, mugimendua maila nazionalean koordinatzen hasi zen. Etenik gabeko ibilbide horretan, datorren larunbata «mugarri» izango dela azaldu du Gonzalezek. Euskal Herri alternatibo baterantz egiteko «urrats garrantzitsua» izango delakoan dago.

Abenduan Parisen egingo den klima aldaketari buruzko goi bilerari begira, alternatiben herriak antolatzeko deialdia egin zuen Bizik 2013ko urrian. Berotegi efektuak bi gradu zentigradu gaindi ez ditzan hitzarmen bat lortzea izango da, funtsean, Parisko bilkuraren helburua. Sistema aldatu, ez klima leloa hautatu zuten deialdi hartan, eta ideia berari eusten diote. Politikaren eremuan nazioarte mailan eragiteko helburua du larunbateko ekitaldiak.

Mugimendu berriaren abiapuntua orain dela bi urte Baionan egin zen Alternatibaren Eguna izan zen. Alternatiben herri asko egin dira deialdi horri jarraituz, eta Alternatiben Itzuliak lotzen ditu guztiak. Itzuli hori ekainaren 5ean Donostiara heldu zen, eta ekainaren 6an Alternatiben Herrixka txiki bat egin zuten Bilbon, motorrak berotzeko. Larunbatean ospatuko duten eguna Euskal Herri mailan egingo duten lehena izango da. Martxoan 31n ekin zioten egun handia antolatzeari. Batzarretan parte hartzeko eta proiektua aurrera ateratzeko eragileek eta norbanakoek egindako esfortzua eta hartutako konpromisoa azpimarratu dituzte antolatzaileek: «Oso prozesu aberatsa eta emankorra izaten ari da antolakuntza bera. Erantzun bikaina izan du. Ilusioa sortzen ari gara». Elkarrekin ekonomikoki bideragarriak diren planteamenduak bilatzen saiatu dira hilabeteotan, eta «jarduera aktibo eta parte hartzaileekin» osatu dute egitaraua.

Balioz beteriko herrixka
Larunbatean sortuko duten herrixkak bost auzo izango ditu, karpa nagusiaz gain. «Mota guztietako esperientziak ekarriko ditugu, ahalik eta alternatiba gehien bertan irudikatzeko, eta jendeak hainbat motatako jardueraz gozatzeko aukera izan dezan», azaldu du Gonzalezek. Gune horiek edukien arabera eta eragileen koordinazioarekin sailkatu dituzte: Arragoa, Natura Gure Gaia; AuzoEKOnomia; demokrazia, parte hartzea eta burujabetzaren gunea; eta bizitza duin eta askotarikoena. Hala izendatu dituzte. Hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren inguruko eztabaidak egingo dituzte, besteak beste, Arragoa gunean. Natura Gure Gaia deiturikoak naturarekin zerikusia duten tailerrak, eztabaidak eta azoka bilduko ditu. AuzoEKOnomia, aldiz, ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan saretutako eragileek osatuko dute, eztabaiden eta azokaren bidez. Laugarren karpak demokrazia, parte hartzea eta burujabetza landuko ditu; herrien eskubideen bueltan eta parte hartze demokratikoaren inguruan proposamenak eta hausnarketa egiteko txokoa izango da. Bizitza duin eta askotarikoen gunean «gorputz eta bizi eredu ez-normatiboen esperientziak» jaso eta zabalduko ditu. Bost gune horiez gain, gune nagusi bat egongo da.

Bilboko Areatza eta alde zaharra jarduerez beteko ditu Alternatiben Herriak. Kalean egingo dituzte batzuk, eta karpetan beste batzuk. Eremu horiez gain, lokal publikoak eta herri mugimenduenak ere erabiliko dituzte. Formatu ezberdinetako ekintzetan parte hartzeko aukera egongo da: doku-zine forumak, hitzaldiak, mahai inguruak, esperientzien kontakizun komunak, tailerrak, azokak, performanceak, musika, animazioa, jarduera ludikoak... Hizkuntza, kontratazio, kontsumo eta genero irizpideak aintzat hartuta osatu dute egitaraua, eta egun osoan ere oso presente egongo dira gai horiek.

150 eragilek hartuko dute parte, orotara, egitarauan. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren harira bildu zirenei beste hainbat batu zaizkie azken hilabeteotan. «Euskal Herriko eragile eta sindikatu ugari elkarlanean ari dira. Indar handiko lotura sortu da euren artean». Emaitza horrekin oso pozik eta baikor agertu dira antolatzaileak. Egunetik egunera gero eta gehiago izatea eta batasun hori are gehiago indartzea espero dute. «Izan ere, badakigu Euskal Herrian eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean badirela hamaika pertsona eta eragile egunez egun alternatibak eraikitzen». Proiektu horiek guztiak hor daudela eta existitzen direla jakinarazi nahi diote jendeari. «Alternatiba horiek gero eta erreferenteago bilakatzea nahi dugu», adierazi du Gonzalezek.

«Aldarrikapen, hausnarketa eta ospakizun eguna izango da; egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikiren erakusleihoa; elkarren arteko topagunea». Hala iragarri dute larunbateko egitasmoa. Egungo sistema ereduak kapitala, dirua eta boterea dituela erdigunean, eta horri bira eman behar zaiola jakinarazi du Quintanak: «Pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria aldarrikatzera gatoz».

Finantzaketa kolektiboa
Larunbateko eguna prestatzeak eskatzen duen aurrekontua dela eta, ekarpen ekonomikoek duten garrantzia azpimarratu dute ordezkariek. Alterherria izeneko finantzaketa kolektiboaren kanpaina jarri dute martxan sarean. Dirua bezain garrantzitsua da, ordea, lana, antolatzaileen arabera. Bi funtzio horiek biltzen ditu Alterlagunaren rolak. Horrela deitu diete «bakoitzaren ahalmenen arabera» ekarpena egiteko prest dauden boluntarioei. 345 finantzakide ditu Alternatiben Herria egitasmoak, oraingoz, eta 14.500 eurotik gorako ekarpena jaso du. 6.500 falta zaizkie erronka betetzeko: 21.000 euroko ekarpena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina