2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

Urtarrilaren 9an presoen eskubideen aldeko mobilizazioa

Bagoaz eta Sare ekimenek elkarlanean mobilizazioa antolatu dute urtarrilaren 9an sakabanaketa politikari aurre egiteko. Aurten bi manifestazioa une berean egingo dira Baionan eta Bilbon 17:00etan hasita. Animaziozko bideoa prestatu dute mezua zabaltzen hasteko.


Julio Soto bertsolari nafarrak sortu du aurtengo leloa: "Mugi daitezen harriak". Sare sozialetan manifestazioaren inguruko mezuetan #HarriakMugitu traola erabiltzen ari dira.

Patxi Zubizarretak idazle ordiziarrak idatzi du manifestazioekin lotutako aldarrikapenaren ondorengo testua:

Mugi daitezen harriak
Urte asko, urte gehiegi igaro ditugu labirintoan. Irteera sumatu ezinik. Handik aterako gintuen hariaren bila. Baina, urte askoren buruan, azkenean aurkitu egin dugu! Hari argia. Argi izpia. Irteera aldera goaz orain, aterabidearen hurbiltasunarekin eta itxaropenarekin. Nor bere hari zatiari helduta.

Baina, ibilbidean aurrera, hainbat harri agertu zaizkigu. Hainbat behaztopa harri etsigarri. Batzuk ttikiak dira, baztertzen errazak. Beste batzuk mugituko baditugu, esku askoren laguntza behar. Baina badira harri puska mugigaitzak ere. Alimalekoak. Labirintoa labirintikoago egiten dutenak, irteeraren poztasuna zapuzten dutenak.

Baina harriak ez daki nire haria hariagoa dela zurearekin lotuz gero, eta guztion hariak harilkatuta, soka bat sortzen dela. Zenbat eta hari gehiago lortu, zenbat eta hari gehiago lotu, orduan eta sokagoa da soka, sendoagoa, gotorragoa. Eta hamaika hari finez osatutako soka irmoaz harria bilduta, denok norabide berean, tira handik eta tira hemendik, kirrikilun-karrakilun, harria mugitzea lortu dugu. Eta bidea zabaltzearekin batera, konkorra gutxitu egin zaigu eta tenteago goaz gu, zuzenago, zeren urte asko, urte gehiegi igaro baitigugu labirintoan, zama handiegiarekin.

Eta urrun ditugunekiko hurbiltasunak eta itxaropenak bultzatzen gaituzte irteerarantz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina