2016(e)ko otsailaren 13(a), larunbata

Eskoletako jangeletan eredu alternatiboak sustatzeko egitasmoak abiatuko ditu EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean

Orain 3 urte katering enpresak derrigor egiten dituen araudia aldatu eta eskoletan jantoki eredua hautatzeko askatasuna emateko proposamena aurkeztu zuen koalizioak. Gainontzeko taldeek atzera bota zuten. Lehiaren Agintaritzaren ebazpenak EH Bilduk defendatutakoari arrazoi eman die.
Eskola jantokiak hornitzen dituzten katering enpresen harira Lehiaren Euskal Agintaritzak argitaratu duen ebazpenak agerian utzi du “kudeaketa eredu horrek porrot” egin duela, EH Bilduren legebiltzarkide Iñaki Lazarobasterren iritziz. “Katering enpresek merkatua eta prezioak adostu dituzte, iruzur nabarmena eginez eta urte askoan zehar. Gertatzen ari zena oso agerikoa zen (ikusi atxikitako taula) eta Jaurlaritza ez da gai izan egoera horri buelta emateko”, azaldu du Lazarobasterrek.

“Gure haur eta umeen elikadura, ordea, garrantzitsuegia da soilik interes ekonomikoen esku uzteko”. Horregatik, EH Bilduren ordezkariak adierazi du koalizioak ekimena berrartuko duela Gasteizko Legebiltzarrean, “jangela zerbitzua eskolen parte hartzean eta inguruko baserritar, arrantzale eta merkatari txikien elkarlanean oinarritutako ereduak martxan jarri ahal izateko”. Hori lortzeko Jaurlaritzak esku hartzea derrigorrezkoa da, izan ere, gaur egun arauak dio jantokien kudeaketan derrigorrean katering enpresak tartean sartu behar direla. “Alegia, kudeaketa eredu alternatiboak sustatu nahi zituzten eskolek administrazioaren aterpetik ateratzera derrigortzen dituzte”, gaineratu du.

2000. urtean hasita Jaurlaritzak agindu baten bidez legez debekatu zuen eskolek beraien jangela eredua aukeratu ahal izatea, zerbitzu guztia katering-enpresen esku utziz. Gaur egun sare publikoan dauden 505 eskoletatik hiru kenduta beste eskola guztietako jangelak Jaurlaritzak kudeatzen ditu katering-enpresen bitartez, egunean 93.000 menu eta urtean 85 milioi euroko kostua duena Jaurlaritzarentzat.

“Katering enpresa hauek elikagai bolumen handiak behar dituzte eta merkatu libreak eskaintzen dituen abantailez baliatzen dira lehengai merkeak munduko edozein txokotan erosteko. Etekin handien bila ez dituzte bertako baserritar eta arrantzaleak kontutan hartzen, ez dute bertako elikagaiak erabiltzeak tokiko ekonomian izango lukeen eragin positiborik bilatzen eta ez die kezkarik sortzen ingurumena elikagaien milaka kilometrotako garraioaren bidez kutsatzeak”, azaldu du Lazarobasterrek.

EH Bilduk uste du iritsi dela bestelako jangela kudeaketa ereduak martxan jartzeko ordua. Eskolen parte hartzean eta inguruko baserritar, arrantzale eta merkatari txikien elkarlanean oinarritutako ereduak martxan jartzeko garaia, da eta horretarako oztopo nagusia Jaurlaritzak 2000. urtetik indarrean dagoen agindua da.

Hala, EH Bilduk Cristina Uriarteri interpelazioa egingo dio honetaz guztiaz azalpenak eman ditzan legebiltzarrean eta 2000. urteko agindua aldatzeko ekimena ere aurkeztuko du, eskolei beraien jangela eredua erabaki ahal izateko aukera emateko. Gogoratu beharra dago 2013an ildo beretik zihoan ekimena hartu zuela, baina orduko hartan gainontzeko alderdiek kontra bozkatu zuten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina