2016(e)ko otsailaren 2(a), asteartea

2016 jauzi kualitatiboa emateko urtea da, eta EH Bildu da aldaketa burujabetza eta justizia sozialean oinarritzeko bermea

EH Bilduk azpimarratu du burujabetza eta justizia sozialik gabe ez dela aldaketa izango. Jaurlaritzak pentsioak osatu ditzala proposatuko du, pentsiodun guztiek gutxienez 1.080 euro hileko kobratuko dutela ziurtatzeko.

EH Bildu legebiltzar-taldeak datozen hilabeteotan landuko dituen ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean, komunikabideak gosari ekologiko batera gonbidaturik, bide batez euskal baserritarren eta ekoizleen egoera larriaz ohartarazteko. Unai Urruzunok, Belen Arrondok eta Dani Maeztuk azaldu dutenez, “2016 beste eredu eta estatus batera jauzi kualitatiboa emateko urtea izango da, orain arte ezagutu dugun eredua, menpekotasunean oinarritua, agorturik dagoelako, eta norabide horretan EH Bildu da aldaketa politiko eta soziala burujabetzaren eta justizia sozialaren gainean eraikitzeko bermea”. Izan ere, “justizia sozialak eta burujabetzak aldaketaren ezinbesteko zutabeak izan behar dute, justizia sozialik eta burujabetzarik gabe ez delako aldaketa izango”.

“Familia askorentzat egoera oso latza” dela gogorarazi eta gero, EH Bilduko bozeramaileek “orain arte egindako lanari jarraipena emateko” konpromisoa hartu dute; hau da, “eguneroko kontuak (enplegua, osasuna, etxebizitza, hezkuntza...) izango dira gure jardunaren ardatz nagusiak, jendeak soluzioak nahi dituelako egunerokoan, eta gu horretan tematuko gara, herritar guztiei bizi baldintza duinak bermatzeko”.
Bizi baldintza duinak bermatzeko bide horretan, hala ere, “egungo marko estatutario-konstituzionala muga eta oztopo dugun uste osoa” du EH Bilduk, eta hala erakusten du EAJk, PSEk eta PPk neurri sozialak hartzeari ematen ohi dioten ezezkoak, markoa bera, eskuduntza falta, alegia, izaten delako euren aitzakia proposamenak atzera botatzeko. Legebiltzarkideek gogora ekarri dutenez, “hala egin zuten abenduan pentsioak igotzeko herri ekimen legegilea bertan behera utzi zutenean, baina EH Bilduk ez du hori ontzat emango; alta, proposamen zehatza eta egingarria aurkeztuko dugu Jaurlaritzak pentsio txikiak osatu ditzan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodun guztiek gutxienez 1.080 euro hileko kobratzen dutela bermatzeko”.

Pentsioei buruzkoa ez ezik, bestelako proposamenak ere aurkeztuko ditu EH Bilduk datozen hilabeteotan “herritarren bizi baldintza duinak eta justizia soziala bermatzeko eta, bide horretan, neurri zehatzei buruzko eztabaida politiko eta soziala sustatzeko”, hala nola, gutxieneko soldataz, lan baldintzez, etxegabetzeez eta pobrezia energetikoaz. Urruzunoren hitzetan, “batetik, neurri zehatzak eta egingarriak planteatuko ditugu; bestetik, egungo markoaren mugak agerian utziko ditugu”.

EH Bilduk norabide horretan kokatzen du burujabetzaren eta estatus politiko berri baten aldeko aldarrikapena: “Horretaz ari gara burujabetza sozialaz hitz egiten dugunean, bistan dagoelako aipatu ditugun neurri horiek guztiak eta gehiago hartzeko tresna guztiak hemen izan behar ditugula. Burujabetza sozialean datza, finean, autogobernuari buruzko ponentzian aurkeztu dugun proposamena. Herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko proposamena da, pentsioak eta gutxieneko soldata igotzea eta horrelako neurriak hartu nahi baditugu, estatus politiko berria, burujabea, behar dugulako”.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina