2016(e)ko otsailaren 28(a), igandea

Oliba olioa eskutik eskura, eskatu Zegaman zurea!

Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura proposamenaren olioaren kanpaina abian da otsailaren 19tik. Horregatik, Zegaman ere eskatu ahal izango da oliba olio birjina estra, konbentzionala edo ekologikoa. Urte guztirako oliba olioa eskatzeko aukera izango dugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Zer da, baina, eskutik eskura?
Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Eskaerak urtean behin eginez, eta urte guztirako beste eskatuz. Otsailean oliba olio birjina estra; maiatzean, berriz, kontserba loteak.

Baina, era, berean, eskutik eskura kontsumitzaile arduratsuak herriz herri saretzeko saiakera ere bada. Auzolana bitartekari, talde handietan antolatuta, eskaera handiak bideratzeko modu bat. Orain arte, 50 bat herritan 3.000 etxe inguru saretu gara eta, iazkoan, 9.100 bidoi banatu genituen; 45.500 litro olio.

Zertarako, baina, hau guztia?
Kontsumitzaileok bat egin eta, auzolanean, bertako produktuak kontsumituta, gutako bakoitzari on egin dagigun eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun:
·       Batetik, gutako bakoitzak kalitatezko produktua jasoko du, kasu honetan Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra. Euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak banaka bideratuta, nekez eskura genezakeena.
·       Bigarrenik, guztion artean, bertako ekoizpenari bultzadatxoa emango diogu, ingurumena zaintzen lagunduko dugu eta euskal lurraldeen arteko harremanak sustatzen ariko gara.
·       Eta azkenik, euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara oraindik gehiago erakarriz.

Herriz herri, bertako ekoizpena bertan kontsumitzeko prest dauden kontsumitzaile arduratsuen komunitatea osatzeko ahalegina da, beraz, kanpaina hau. Aurtengoan, ia 70 herri eta hiritan egingo dugu saiakera. Bilbon eta Leitzan, Lasarten edo Lodosan, Ainhizen zein Gasteizen, herri bakoitzean forma desberdina hartuko du elkarte honek.

 Gaurko argazkian dugu Gasteizen hartuko lukeen forma. Hemen gaude Bionekazaritza elkarteko kideak, Bio Alai kontsumitzaileen elkartekoak, Sorginsoro eta Saskibarazki kontsumo taldeetakoak, Armentiako ikastolakoak, AEKkoak, Errexala, Lantzale eta Beheko sua elkarte gastronomikoetakoak, Zigoitia eta Ozaetako ekonomatoak, norbanakoak eta gehiago.

Bistan da lehendik ere badugula Euskal Herrian ekoizle eta kontsumitzaileak elkartzeko eta herritarrak antolatzeko joera. Honen erakusgarri kontsumo taldeak, elkarte gastronomikoak, ekoizleen elkarteak edo ikastolen mugimendua, helduen euskalduntze alfabetatzearena eta abarrak. Guzti hauekin elkarlanean arituko da Errigora, Gasteizen bezala, beste hamaika herri eta hiritan. Auzolanarekin batera, elkarlana da eta, hain zuzen, Errigoraren lan moldea.

Lehen esan bezala, otsailaren 19tik martxoaren 2ra, Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eskatzeko tartea izango da, 5 litroko bidoietan, ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezkoa den prezioan. Bidoi ekologikoa 32 euroan eta konbentzionala, 22 eta erdian: errotan bertan duen prezio bera.

Olioa lau errotak jarriko dute aurtengoan. Cascanteko La casa del acitek, Ablitasgo kooperatibak, San Isidro del Pinarreko Bardeak eta Arroitzeko Ekolok. Bagoaz, beraz, urtez urte ekoizle gehiago ekimenera batzen. 2014an, lehen kanpaina errota bakarraren parte hartzearekin egin ostean, iazkoan bi eta aurtengoan lau errota izango dira eta.

Eskaerak kanpaina garatuko den herri eta hirietan egin ahal izango dira, kalean, ikastetxe, euskaltegi, lantoki eta abarretan banatuko diren esku orriak betez, ala gure web gunearen (errigora.eus) bitartez. Olioa jasotzeko eguna eta lekua eskaera egiterakoan zehaztuko da eta ordainketa ere orduantxe egin beharko da.

Elkar gaitezen, beraz, kontsumitzaile arduratsu guztiak. On egin dagigun eta on egin dezagun.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina