2016(e)ko abenduaren 6(a), asteartea

Mutiloan jarri nahi duten zabortegiaren aurka sinadura bilketa, Zegaman

Gipuzkoako hiri hondakinen zati bat Mutiloako zabortegira eramateko asmoa du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Asmo horren kontra jarri da martxan Goierri Birzirik herri mugimendua, irailaren 28an Gipuzkoako Aldundiaren asmoa ezagutu zenetik.

Zegaman ere, egitasmoarekin bat eginez, firma bilketa martxan dago. Hala, Tartalo-etxe elkartean eta Aizkorpe tabernetan daude sinadurak jasotzeko orriak.

Manifestazioa, abenduaren 18an
Goierri Birzirikek manifestazioa antolatu du abenduaren 18rako, ingandean. 11:45ean Ormaiztegiko plazan elkartu, eta 12:00etan hasiko da oinezko martxa, Lurpe isurtegiraino. Arropa berdeak jantzita eta zapi berdeekin joateko eskatu dute antolatzaileek.

Arlo juridikoan “oraindik ezer erabaki gabe” dagoela ohartarazi du Goierri Birzirikek, “nahiz eta prentsan esaten ari diren dena eginda dagoela eta esleipen kontratua sinatuta daukatela”. Sinadurarik ez dutela ikusi nabarmendu du plataformak, eta aldi berean Mutiloako Udalari arau subsidiarioen datuak eskatzen ari diela, “zabortegia jar litekeen ala ez ikusteko”. Oraindik “egiteko eta erabakitzeko asko” dagoela dio plataformak.

Urte amaierarako, martxan
Zabortegia kudeatzen duen Ferrovial taldeari esleitu dio GHK-k «hiri hondakinen errefusari isurpen tratamendua emateko zerbitzua», 24,8 milioi euroren truke. Aurreikuspenen arabera, urte amaieran jarriko dute martxan, eta hiru urtez egongo da erabilgarri, erraustegia eraiki artean.

Hiru urte horietan 100.000 tona errefus jasoko ditu Mutiloako zabortegiak, Gipuzkoan sortutako errefus guztiaren zati bat. «Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoak duen azpiegituren faltaren arazoari irtenbide partziala emango dio», ohartarazi du partzuergoak, ohar bidez. Adjudikazioarekin, gainera, egunero Merueloko zabortegira (Kantabria, Espainia) abiatzen diren kamioien kopurua gutxituko dela azpimarratu dute.

Mutiloakoa hondakin industrialak biltzeko zabortegia denez, egokitu egin beharko dute hiri hondakinak jasotzeko. Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Gipuzkoako Ingurumen diputatuak esana zuen zabortegi berriak irekitzearen aurka eta martxan zeudenei kalifikazioa aldatzearen alde zegoela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina