2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna

Hezkuntza eredu propio baten alde, greba orokorra Goierrin

 GOIERRIKO HITZA. Ikasle Abertzaleakek deituta, hainbat gazte goierritar kalera atera dira hezkuntza eredua aldatzeko eskatzera. Goierrin, Beasain, Zumarraga/Urretxu eta Legazpin egin dituzte manifestazioak, hilabete osoan zehar, ikastetxe ezberdinetan aurrera eraman duten Borroka Hilabeteari amaiera emateko. Batxilergoko ikasleak dira, batez ere, kalera atera direnak. Euren ikastetxeetan atzo eta gaur egin dira grebaren inguruko bozketak, eta denetan grebaren aldeko bozkek lortu dute gehiengoa.
Beasaindik 11:30ean abiatu dira Ordiziarantz dozenaka lagun. Ordiziako plazan amaitu dute manifestazioa eta bertan gaurko greba orokorraren zergatia azaldu eta hezkuntza eredu propioa lantzeko, ikastetxeetako ikasle, familia eta langileekin eta herritarrekin batera landu eta garatzeko zenbait puntu zehaztu dituzte:

  • Ikasle garapen beharrak eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala (pertsonalizatua, inklusiboa, hezkidetzailea, kritikoa, laikoa…) eta horretarako behar diren baliabide guztiak izango dituena.
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena.
  • Curriculum propioa izango duena.
  • Ikastetxeen autonomia eta parte hartze eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena.
  • Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.
“Ondorioak atera eta datorren ikasturtera begira EU2015 (Unibertsitateko Bologna legearen jarraipena), LOMCE eta Heziberri (Eusko jaurlaritzak LOMCE legeak uzten dituen zirrikituak aprobetxatuz osatzen ari den “eusko labeldun LOMCE-a”), gure ikastetxe eta herrietan ez aplikatzea eta gure hezkuntza sistema propioa eraikitzera joatea da gure helburua”, azaldu dute Ikasle Abertzaleakeko bi kidek Ordizian, manifestazioaren amaieran.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina