2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna

Milaka ikasle atera dira kalera euskal hezkuntza sistema nazionala aldarrikatzeko

NAIZ. Lomce legeari eta Heziberri 2020 programari ezezkoa adierazteko eta hezkuntza sitema propioa aldarrikatzeko milaka ikaslek bat egin dute Hego Euskal Herrian deituta zegoen greba orokorrarekin. Eguerdian manifestazio jendetsuak egin dituzte lau hiriburuetan. Iruñean eta Bilbon hamabi lagun atxilotu dituzte.

 Hego Euskal Herriko hezkuntzan Ikasle Abertzaleak erakundeak antolatutako greba orokorrak –beste hainbat ikasle erakundek ere bat egin dute– milaka lagun atera ditu kalera, euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko eta Gobernu espainolak hezkuntza alorrean ezarri dituen neurriak salatzeko. Lakuako Gobernuaren Heziberri 2020 programari ezezkoa ere adierazi nahi izan diote.
Unibertsitatean nahiz bigarren hezkuntzako ikastetxeetan izan du eragina grebak eta goizetik egin dituzte mobilizazioak. Milaka ikasle atera dira kalera lau hiriburuetan egin diren manifestazioetan. Bilbon eta Iruñean istiluak izan dira eta hamabi lagun atxilotu dituzte.
Ikasle Abertzaleek ohar batean adierazi dutenez, greba «ia totala» izan da Hego Euskal Herrian eta EHUko fakultate batzuetan, Bizkaian kasu, «ez da klase bat ere eman».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina