2014(e)ko azaroaren 13(a), osteguna

Urtarrilaren 12an hasiko da Segurako operazioan auzipetutakoen kontrako epaiketa

Auzitegi Nazionalak urtarrilaren 12an jarri du epaiketa hasteko eguna. Oraingoz, zortzi egun zehaztu ditu epaiketa egiteko, baina ez da baztertzen luzatzea. Auzipetuak 35 dira. Tartean, 7 goierritar daude: Karmele Aierbe (Ataun), Eusebio Lasa (Beasain), Peio Galvez (Urretxu), Egoitz Apaolaza (Segura), Asier Imaz (Beasain), Nekane Erauskin (Arama) eta Ino Galparsoro (Beasain).

Espainiako Poliziak 23 lagun atxilotu zituen 2007ko urriaren 4an, Seguran (Gipuzkoa) egin zuten bilera batetik bueltan. Batasunaren mahai nazionala berriro osatu nahi izana leporatu zieten. Euren etxeak miatu zituzten, eta Poliziak EHAK alderdiaren egoitza ere miatu zuen.
     Nekane Erauskin EHAKko legebiltzarkideak salatu zuen agindu judizialik gabe sartu zirela, eta oso larritzat jo zuen operazioa. Ez zen bakarra izan, gainera. "Noiz arte pentsatzen du epaile instruktore horrek auzia itxi gabe uztea eta ikerketa horiek luzatzea?", galdetu zuen Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak.

EHAK eta ANV, jomugan
Garzonek orduan esan zuenez, "legez kanpoko aktibitateak" egiten ari ziren atxilotuak Segurako bileran. Hari jarraiki, Batasunaren ekinbidea etenda, bilera horrek "legea urratzen" zuen. Oker egin duenak ordaindu egiten duela esan zuen PSOEk. Martia Teresa Fernandez de la Vegak, Zapateroren gobernuko presidenteordeak, gaineratu zuen ANV eta EHAKren jardunbideak gertutik jarraitzen zituztela ohartarazi zuen.
     Garai horretan legez kanpo utzia zuten Batasuna. Atxilotuen artean zeuden Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena eta Rufi Etxeberria, besteak beste. Arnaldo Otegi espetxean zenPernando Barrenak orduan salatu zuen atxiloketak PSOEk Batasunaren aurka eginiko mendekua zirela.
Horrez gain, atxiloketak gogor salatu zituzten Lokarrik, Baketik-ek, Udalbiltzak, 18/98 auziko auzipetuek, Eskubideak Abokatuen Elkarteak, Aralarrek, ABk, Batzarrek eta ANV berak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina