2014(e)ko ekainaren 28(a), larunbata

Gozatu nahi dugun eran. Zernahi gara!

Ekaineko azken txanpan sartu garen honetan, baditugu asteburuaren jira-biran hainbat mobilizazio eta deialdi. Ekainaren 28an sexu askatasunaren aldarriz bete ohi dira Euskal Herriko hainbat herri eta auzo, geroz eta indartsuago bilakatuz zernahi garenon ahotsa. Ernaik mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzeaz gain, irakurketa plazaratu dute:

Gozatzen dugu banaka, binaka eta taldean. Batzuetan leun eta beste batzuetan gogor. Gozatzen dugu laztan eta hozkada artean, begira batekin edo muxu hezeekin. Aske gozatzen dugu, sistemak inposatutako sexualitate eredu murriztailearen aurrean zernahi izanez. Ez da borroka erraza ordea, gizon-emakume binomioa eta sexu-genero-sexualitatearen arteko harreman naturalizatua, txikitatik hasten den sozializazio prozesu indartsuaren ondorioz gure bizi proiektuetan, praktiketan, gorputzetan zein erabakietan ezartzen baitzaigu.
     Sistema kapitalista eta patriarkarrak aurrera egin ahal izateko, heterosexualitatea eta erreprodukzioan oinarritutako bizi moldea arau bihurtu dizkigute botere guneetatik, gure nahi eta desioak erreprimitu eta norabidetuz, zer eta nola sentitu behar dugun inposatuz. Ezarritako heteroaraua “normaltzat” ulertua da jendartean, norbanakooi dagokigunean ordea, ez dugu guztiok modu berean bizi. Inposatutako eredu bakarra den heinean, bestelako desioen aurrean bortxaz bizi dugun eredua da. Honela, gure desio eta nahiak erreprimitu eta ezkutatzera behartzen gaitu.
     Baina badira heteroaraua eraisteko moduak; gure gorputza zein sexu praktikak aske bizitzea, gure nahi eta desioak ezagutu eta hauek askatasunez gozatzea eta jendarte feminista baten alde borrokatzea. Gure eguneroko praktika, jarrera eta erabakiez urratuko dugu heteroaraua. Garesti ordaintzen dugu ordea, gure desioak jarraitu eta gure gorputzak gozatzea, ZERNAHI izatea.
     Ezarritakoaz haragoko ereduak, praktikak, gorputzak, proiektuak... epai moral eta sozialen jo puntu dira. Sistemak bazterrean kokatzen duen gorputz, identitate eta sexu praktika oro zigortua da. Eta inposatutako norabidetik apur bat aldenduz gero, sistemak heteroaraua birproduzitzeko metodoak asmatzen ditu, maitasun erromantikoa, monogamia edota familia gure harremanen oinarrietan kokatuz. Plazerra, gozamena, nahiak, desira izan behar dute gure bizi eredu eta proiektuen erdigunean kokatuak daudenak eta ez normalitatea, heteroaraua edota eredu inposatuak. Sexualitatea aske biziz egiten dugu borroka, zernahi izanez. Hori baita patriarkatuak sexu generoaren kategoria hertsi eta mugatuak erabat baztertzeko modu bakarra, heterosexualitateak arau izateari uzteko modu bakarra. Goza dezagun nahieran, araua hausteko borroka bide gisa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina