2015(e)ko urtarrilaren 24(a), larunbata

Euskal Estatua lortzeko prozesu eratzaile eta graduala proposatu dute EH Bilduk eta EHBaik

EH Bilduk eta EHBaik erabakitzeko eskubidea oinarri lukeen prozesu "eratzailea" abian jartzeko eskaintza politikoa egin diote euskal gizarteari, Euskal Estatua sortzea helburu izanda. "Euskal Estatua da Espainiako eta Frantziako estatuen inposaketa eta menpekotasuna amaitzeko aukera bakarra", dio bi koalizioek gaur Irunen (Gipuzkoa) plazaratu duten dokumentuak. Haien arabera, euskal identitatea babesteko eta garatzeko ez ezik, euskal herritarren ongizatea bermatzeko eta handitzeko egitura juridikoa litzateke Euskal Estatua.

BERRIA-. Horra iristeko tresnatzat erabakitzeko eskubidea hartu nahi dute. "Euskal herritarrok gure buruaren jabe egiteko lanabesa da erabakitzeko eskubidea, lanabes demokratikoa; arlo eta eremu guztietan erabakitzeko". Ahalmen hori erabakiak hartzen eta gauzatzen eskuratuko dela iritzi diote EH Bilduk eta EHBaik, "ez aitorpen formal bati itxaroten".
     Independentziarako prozesua "dinamikoa eta graduala" litzateke. Planteamendu aldaketa bat egin dute horretarako, aitortzen dutenez. "Orain arte uste genuen erabaki ahal izateko, aurretik, lurraldetasunaren eta subjektuaren osaketaren korapiloak askatu behar zirela, nahitaez. Proposamen honen eskutik, ordea, erabakitzeko eskubidea subjektu hori eraikitzeko bitarteko ere bilakatzen da, prozesu eratzailerako ardatza delako".

Euskal Bidea: zabala, demokratikoa eta aldebakarrekoa
Euskal Bidea, "demokratizazio" bide gisa jo dute. "Eztabaida eta erabakiak herritarren esku jartzea da haren funtsa". Proposamaren egileen ustez, "ez da soilik abertzaleen mesederako bidea, baizik eta guztion onerako da". Aitortzen dute Euskal Herrian nazio nortasun sentipen eta identifikazio ezberdinak daudela; "demokratikoki kudeatu behar dira".
     Espainiako Konstituzioaren erreforma aukera zabaltzen bada, EH Bilduk eta EHBaik euskal eragile politiko eta sozialei itun baten eskaintza egin die, "elkarrekin eskaera bera bideratzeko estatuari: Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen onarpena".
     Ezker abertzaleko bi koalizioentzat, baina, "pentsaezina" da Espainiako Estatuak —eta Frantziakoak— halakorik onartzea. "Mesprezua eta ukazioa izan dira haien erantzunak". Ondorioz, jokabide aukera bakarra ikusten dute: aldebakartasuna. "Hautu sendoa da. Akordiorik ezean, konfrontazio demokratikoaren aroa irekiko da".

Lehen eskaintza euskal eragileei
Aldebakartasunak agertoki berriak ekar ditzakeela uste dute; "tarteko helmugak", esaterako. Lehenik, 'Eskubide guztiak herritar guztiontzat' hitzarmena adostea planteatuko diete eragileei. Ondoren, sinatzaileen artean erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak eratzea instituzioetako gobernuetan eta gizarteko beste eremuetan.

Prozesu eratzailea
Euskal Estatuaren bidean, prozesu konstituziogile eta "erabat demokratikoa" abiaraztea proposatu dute, azken batean. Betiere "norabide bateratzailearekin" arituz, Euskal Herriko egungo errealitate administratiboa kontuan hartu beharko dela onartu dute –EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoa–, "erritmo ezberdinak eta pauso berezituak emanez". Udalbiltza indartzearen alde egin dute, era berean.

Hiru fase
Hiru fase lituzke prozesuak: "Eremu bakoitzeko herritarrek beren buruari erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gaitasuna eman; eremu bakoitzak autoeraketari ekin, gehiengo sozial, politiko eta instituzionalak bultzatuta; eta eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiak". Hegoaldearen kasuan, estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi erkidegoen harremana erabakitzea lehenetsi dute, "Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera".

Epe motzeko urratsak
Hori guztia ahalbidetzeko "epe motzeko" pausoak ere aurreikusi dituzte; "Nafarroan aldaketa politikoa eman; Ipar Euskal Herriaren instituzionalizaziorako, lurralde elkargoaren bidean, hiri elkargoaren alde egin, hiru herrialdeen lurraldetasuna finkatzeko; eta EAEn estatus politiko berria egin, bertan erabakitakoak estatuak inposatutako sabairik ez izateko".
    Ficoba erakustazokan egin dute ekitaldia, gaur eguerdian, 500en bat lagunen aurrean. Bete egin da aretoa. Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak eta Anita Lopepe EHBaiko kideak hitz egin dute bi koalizioen izenean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina