2015(e)ko urtarrilaren 13(a), asteartea

Polizia operazioa salatzeko, martxa larunbatean Donostian

Etxerat elkartearen arabera, ez da kasualitatea izan atzoko polizia operazioa Auzitegi Gorenaren ebazpenaren bezperan eta Bilboko manifestazioaren ondoren izatea. Bestalde, Poliziak LABen egoitzan eginiko "eraso bortitza" salatu du Munduko Sindikatuen Federazioak, eta errespetua eskatu du sindikatuarentzat. 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Donostiako Antiguako tuneletik.


BERRIA-. Manifestazioa Giza eskubideak, bakea eta konponbidea lelopean egingo dute, gehiengo sindikalak eta eragile politiko eta sozial ugarik deituta. Eragile politiko, sozial eta sindikalek bilera egin dute goizean, polizia operazioaren inguruko balorazio bateratua egiteko. Besteak beste, Lokarri, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, ELA, LAB eta Bilgune Feministak babesten dute protesta.
     Atxiloketak "eraso zuzena dira bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahaleginei eta egoera sozial eta politiko berriari", deitzaileen esanetan.
      Euskal presoen senitartekoen arabera, Espainiak “abokatuak bahitu ditu Europan Eskubideen urratzeagatik kondena berriak ekiditeko”. Eta gainera, “herri honen elkartasuna eta babes ekonomikoa zapuztu eta lapurtu” nahi izan dituztela salatu dute. “Bazterrak nahastu eta elkartasun zein babes juridikoa kriminalizatu dituzte”. Izan ere, defentsarako eskubidea urratu zaiela diote.
Beren ustez presoak abokatu gabe uztea baino “tranpa” handiagorik ez dago, eta atzoko operazioa lege eta zuzenbideari nahi beste tranpa egiteko beste urratsa bat besterik ez da “gure senideek bide juridikoak jorratzen ari diren honetan”.
     Mobilizatzeko deia luzatu eta iragarri dute Etxeratek bat egingo duela eragileek deituko dituzten mobilizazioekin. “Konponbidearen garaia, giza eskubideen urraketekin amaitzeko garaia eta nola ez, bakea eraikitzeko garaia da”.

Gipuzkoako Foru Aldundia
Diputazioaren ustez, Espainiak "bere izaera ez demokratikoa erakutsi du: oinarrizko eskubideak urratzearen aldeko apustua egin du". Aldundiak erantsi du "konponbide demokratikoa zapuztu nahi dutenek porrot" egingo dutela, eta herritarrei dei egin diete "demokraziaren eta eskubideen kontrako bidegabekeria oro" salatzeko: "Euskal gizarteak aurrera egingo du oztopoen gainetik".

Munduko Sindikatuen Federazioaren salaketa
Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuen aurka Guardia Zibilak eginiko operazioan, LAB sindikatuaren egoitzara sartu ziren poliziak. Larunbatean presoen eskubideen alde Bilbon eginiko mobilizazioan bildutako 70.000 eta 90.000 euro artean eraman zituzten guardia zibilek egoitzatik.
     Munduko Sindikatuen Federazioak nabarmendu du nazioartean ezaguna den eta munduko mugimendu sindikalaren aitortza duen erakundea dela, eta errespetua eskatu du MSFk euskal sindikatuarentzat: "MSFk arbuiatu egiten du Espainiako Gobernuko indar errepresiboen jarrera, metodo horiek hirugarren munduko gobernu autoritarioek erabili baitituzte". Federazioak elkartasuna adierazi dio LABi, eta atxilotuak aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. 90 milioi kide ditu federazioak.
     Manifestazioan bildutako dirua sindikatuaren egoitzan egotearen arrazoiak eman ditu Sarek, mobilizazioaren antolatzaileak: "LAB sindikatuak ez du inongo erantzukizunik, egin duen bakarra larunbatean jasotako txanponak euren bulegoan batzeko aukera ematea izan da, gaur goizera arte banku bulegoak itxita zeudelako".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina