2015(e)ko urtarrilaren 11(a), igandea

Bilboko kaleak argitu ditu jendetzak sakabanaketaren aurka

Azken urteetako kateari segida eman dio gaur Sare plataformak Bilbon, euskal presoen eskubideen alde 80.000 lagun inguru elkartuta. "Giza eskubideen urraketa planifikatua" amaituko duen sare indartsua eraikitzeko lanetan jarraitzeko deia egin du.



BERRIA.EUS- Milaka lagunek Bilboko Zabalburu plaza argitu dute sakabanaketaren aurka. Mobilizazioa 17:30ean abiatu da, Casillatik adar bat eta udaletxetik bestea. Presoen senideak txalo artean hartu dituzte bertaratu diren milaka herritarrek. Dena den, eta Sarek mobilizazioa isila izango zela iragarri arren, presoak etxeratzearen aldeko oihuak entzun dira nonahi, bai mobilizazioaren hasieran eta baita amaieran ere.
     Denen gogoan ziren gaur bisitarik gabe geratu diren presoak. "Gaur da urteko egun bakarra presoak bistarik gabe geratzen direna", gogoratu du Urtzi Errazkin Etxerat-eko kideak. Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek hartu dute lehenik hitza. Elortza: "Hemen gaude, euskal presoak libre nahi ditugulako".
     Ondoren, Fermin Muguruzak eta Saroi Jauregik hitz egin dute Sareren izenean. Estatuen "giza eskubideen urraketa planifikatua" salatu du Saroi Jauregi Sareko kideak, eta presoen aldeko sare indartsu bat osatzeko deia egin die herritarrei. "Guztiontzat oinarri komun bat izango den sarea". "Mezu bateratua helarazi nahi diogu Euskal Herriari. Ez dugulako zain jarraitu nahi", nabarmendu du Muguruzak. "Ez dugu ulertzen konponbidea bideratu beharrean oztopoak jartzea".
     Presoek Euskal Herrian egoteko eskubidea dutela gogorarazi du Muguruzak, eta horretarako lanean jarraituko dutela nabarmendu. Ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta euskaraz irakurri dute mezua. Eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik agertu diote babesa mobilizazioari, eta zerrenda horretara batu diren azkenetakoak dira. Euskal Herritik ez ezik, ordea, kanpotik ere ordezkaritza politiko zabala etorri da, besteak beste Kataluniatik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina