2015(e)ko ekainaren 10(a), asteazkena

Larunbatean protestak Donostian errauskailuaren eta AHTaren kontra

Bi protesta burutuko dira bata bestearen ondotik larunbat arratsaldean Donostian, biak ere “alferrikako makro-azpiegiturak” izendatu direnen kontra. 17:00etan errauskailua salatuko dute txistuka eta 17:30etan Abiadura Handiko Trena.
Aspalditik iragarrita zegoen AHT Gelditu! elkarlanakazpiegitura erraldoi horren burugabekeria salatzen duten alderdi, sindikatu, mugimendu eta talde ugarirekin batera ekainaren 13rako deitu manifestazioa.

Deialdian zioten, besteren artean: “Estrategikotzat saldu nahi izan diguten proiektu honi errealitatea gailendu zaio. Eraikuntza lanek ekarri behar omen zuen bultzada ekonomiko handia ez du inork ere ikusi, hango eta hemengo alderdi politikoetako lagun minak diren eraikuntza enpresario handiek izan ezik, poltsikoak ondo bete dituztenak, gero eta maizago azaleratzen diren ustelkeria kasuak lekuko. Prekarietatea eta lan istripuak AHTko lanetan ari diren langileen eguneroko ogia dira, beraietako gehienak azpikontraten eskuetan harrapatuta, lan eta segurtasun baldintza negargarrietan, honez gero 7 hildako eragin dituztenak”.
Egun berean, ordu erdi lehenago, “Inposatu nahi diguten errauskailuaren kontrako ‘pitada masiboa'” antolatu dute Zero Zabor IBEk, Eguzkik eta Errausketaren Kontrako Koordinadorak. Antolatzaileek salatu dutenez, “Hurrengo lau urteotarako Gipuzkoako erakunde nagusien gidaritza hartuko dutenek, karramarroak bezala atzera egiteko asmoa azaldu dute. Zero zabor bidea utzi eta, zabor poltsa ipar hartuta, errausketaren bideari ekiteko mehatxu egin dute. Gure osasuna, ingurumena eta dirua jokoan dago. Badugu protestarako motiborik, badugu txistualdi edo pitada bat egiteko arrazoirik”.
Zero Zabor IBEtik deitu dute bi ekitaldietan parte hartzera: “Egun berean eta errausketaren aurkako pitada masiboaren gunetik 50 metrotara AHT gelidtu orain lelopean nazio manifestazioa deitua dago 17:30ean. Manifestazio honen zioak badu hondakinen kudeaketarekin zer ikusirik. Errauste plantekin gertatzen den antzera, enpresa lobby handien interesak daude makroproiektu honen atzean eta herritarren diru eta ingurumenaren kontura atera nahi dituzte proiektuok aurrera handi-mandien morroiek”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina