2015(e)ko azaroaren 8(a), igandea

'Birdefinizio estrategikorako' prozesua hasi du ezker abertzaleak

«Guztia dugu irabazteko, independentziaren zikloaren atarian gaude, eta ez gara inoren zain egongo». Duela bost urte Zutik Euskal Herria ebazpenarekin azken hamarkadetako estrategia politikoa sakon aldatu ondoren, bigarren pausoa emateko garaia dela uste du ezker abertzaleak. Euskal Herria zutik eta abian agiria aurkeztuta, Abian hausnarketa prozesu «integral eta parte hartzailea» jarri du martxan:«Arnasa luzeko birdefinizio eta eraberritze estrategikoa izango da, Euskal Estatua helburu».

BERRIA-. 2009ko azaroan Altsasuko adierazpenarekin egin bezala, agerraldi jendetsuan aurkeztu dute prozesu berria abiatzeko agiria, Donostiako Iratzar aretoan. Sortuko, LABeko eta Ernaiko zuzendaritzetako kideekin batera, hirurehun militante inguru elkartu dira, belaunaldi eta lurralde guztietakoak. Han ziren, esaterako, Itziar Aizpurua, Arantxa Arruti, Joxe Mari Olarra, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Iñaki O'Shea, Garazi Mugertza, Ion Telleria, Jokin Aranalde, Iñigo Iruin, Isidro Murga, Mertxe Aizpurua, Juan Mari Olano, Amaia Izko, Jokin Etxeberria eta Aurore Martin.

2010eko otsailean eman zuten Zutik Euskal Herria ebazpenaren berri, besteak beste, borroka molde guztiak indar metaketaren alde jartzeko apustua eginez. Ziklo aldaketarekin, egoera politikoari «izugarrizko astinaldia» eman diotela nabarmendu dute Marije Fullaondo eta Igor Arroyo bozeramaileek, eta esan dute hazi egin dela ezkerreko independentismoaren babesa: «Irabazle den estrategia baten jabe gara». Ordutik, besteak beste, alderdi eta gazte antolakunde berriak eratzeko prozesuak egin dituzte —Sortu, Ernai eta Aitzina—, eta EH Bildun eta EH Bain batu dituzte indarrak gainerako eragile aurrerakoi eta subiranistekin.

«Ezinak eta hanka sartzeak» ere aipatu dituzte, ordea. «Estatuek herri gisa ditugun erronka, apustu eta ilusioak geldiarazteko modua ikusi dute: gatazkaren ondorioetan trabatzea». Horrela, «errepresio-erantzun gurpilean» harrapatu nahi dituztela uste dute, baina Fullaondok eta Arroyok ohartarazi dute ez direla joko horretan eroriko. Euskal preso eta iheslari guztiak etxean nahi dituztela berretsi dute: «Eta badakigu Euskal Herriko sektore herritarrekin batera burujabetza prozesu ahalik eta indartsuena garatzea dela horretarako guztirako biderik eraginkorrena».

Argi dute erronka handiak dituztela aurrean, «egoera goitik behera aldatzea» baita ezker abertzaleko kideen helburua. «Asmatu behar dugu independentzia egunero eraikitzen, E egunaren zain geratu gabe, eta bide horretan preso eta iheslariak etxera ekartzen». Argi dute, halaber, beste indar eta sektore batzuk ere beharrezko izango dituztela bide horretan. «Herritarrak ardatz, feminismoa, euskalduntzea, sozialismoa eta independentzia proiektu erreal eta eraginkor bilakatzea dugu xede».

Bi fase eztabaidarako
Bi fasetan egingo dute prozesua: urtarrilera arte, ezker abertzaleko kidegoari entzun, hausnarketarako espazioak bideratu eta idatzizko ekarpenak bilduko dituzte. Urtarriletik aurrera, herriz herri eta auzoz auzo egingo dute eztabaida, herritarrei irekitako batzarretan. «Ahalegin berezia» egingo dute espetxean eta erbestean dituzten kideei ere hitza emateko. Ezkerabertzalea.info webgunean emango dute informazioa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina