2015(e)ko azaroaren 2(a), astelehena

EH Bilduk proposatutako alternatibak zorrak kitatu eta diru sarrera ekarriko luke Sasietara

Sasieta mankomunitatean sortu den 1.665.000€ko zorra dela azken asteetan izan diren informazioak argitu asmoz, agerraldia egin du gaur iluntzean Goierriko EH Bilduk Lazkaon.
   
     Sasieta mankomunitateak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hitzarmen bat adostu eta onartua zuten geldialdi tekniko bat egiteko. Hau da, Sasietako mankomunitatearen eta zabortegiaren egoerari irtenbidea emango liokeen hitzarmena. 1.665.000€ak herritarrei ordainaraziko ez liekeen irtenbidea.


PNVk hitzarmen horri balioa kendu nahi izan dio, besteak beste hitzarmena sinatu gabe zegoela argudiatuz; eta gure galdera hurrengoa da, hitzarmen horrek baliorik ez badu, zer dela eta eraman zuten Sasietako batzarrera bozkatzera? Zer dela eta planteatu zuten batzarrean hitzarmen hori bertan behera lagatzea zela onena? Baliorik ez balu, ez litzateke beharrezkoa bertan behera geratzeko prozesua abiatzea.
   
     Baina, zergatik zegoen hitzarmena sinatu gabe? Erantzuna oso sinplea da: aurreko legealdian, GHKren ordezkaritza hartzea zegokigunean, PNVk Errauskailuaren proiektua bertan behera geratzea zaildu asmoz azken orduko (hauteskundeak galdu ostean) hitzarmenen sinadurak egitea salatu genuen; ez zitzaigun hurrengo legealdia eta ordezkaritza baldintzatzeko emaniko urratsak zilegiak zirenik iruditzen. Traspasorako gure txanda iritsi zenean halakorik ez egitea erabaki genuen.
   
     Gainera, ekainean, Sasietako aurreko presidenteak, PNVko ordezkari berriei hitzarmen honen egoeraren berri eman zien. Bertan behera lagatzea beraz, aurrez landutako erabaki politiko bat izan da; PNVk GHKrekin adostutako irtenbidea eskuartean izan eta atzera egitea erabaki du. Zergatik? Beraiei galdetu beharko litzaioke. Ekainetik urrira bitarteko astia izan du PNVk hitzarmena aztertu eta atzera botatzeko erabaki hartzeko, honek ekarritako ondorioen jakitun izanda. Hori hala, erabaki horren eta ondorioen, hau da herritarrek ordaindu beharreko zorra sortu izanaren azalpena PNVk eman behar duela deritzogu. Guk aurreko eta gaurko agerraldiarekin eman ditugu gure azalpenak; lau urte hauetan badira hainbat kontu hobe egin behar genituenak eta horien guztien gaineko ardura onartzeko prest da EHBildu, baina ez, PNVren erabakien ondorioen ardura gure bizkar hartzekoa eta horixe da Sasietaren kasuarekin egitea nahi dutena.
   
     Honek ondorio garbi bat lagatzen du mahai gainean: Sasieta mankomunitatearen eta zabortegiaren egoerak badu herritarrek zorra ordaintzea ez den irtenbide posiblerik. Sinplea da; PNVk ba al du horretarako borondate politikorik?
   
    Hala bada, hau da guk proposatzen duguna eta PNVri berradostu dezan eskatzen dioguna; aurreko legealdian adostutako hitzarmena egungo GHKrekin negoziatu eta batzarrean berriro onarpenera eraman ondoren sinatu dezala. Zergatik?
   
    Hitzarmena sinatuko balute abenduaren 1ean hiru milioiko diru sarrera bat jasoko luke Sasieta mankomunitateak eta ondorioz, hurrengo urratsak emateko aukera izango genuke:
  • Sasietan, 2015erako zegoen estimazioa kontuan hartuta 167.000tona inguru jasotzeko gaitasuna dago.
  • Tona bakoitzeko prezioa 78,45€tan jarria du hitzarmenak honela: 13.101.150€ko diru sarrera izango genuke.
  • Kenketei ekin diezaiegun orain:
    • Lohiak 1,7 milioi
    • Inpermeabilizazioa 3 milioi
    • Urteko kudeaketa gastuak 3milioi
    • Lixibiatuak tratatzea 1 milioi.
  • Matematikak hauxe dio:
    • 167.000x78,45=13.101.150€ ken
    • 1.700.000€=11.401.150€ ken
    • 3.000.000€ = 8.401.150€ ken
    • 3.000.000€ = 5.401150€ ken
    • 1.000.000€= 4.401.150€ ko emaitza positiboa jasoko genuke gutxi gora behera.
Guri kudeatzea tokatu zitzaigunean (2011-2015 legealdian) alternatiba bat jarri genuen mahai gainean, oraintxe azaldu moduan emaitza positiboak ekarriko lituzkeena. Orain PNV da kudeaketa lanetan, beraz borondate politikorik baldin badago, guk aurreko legealdian egin moduan, beraiek ere mahai gainean herritarren kaltera etorriko ez den alternatiba bat jar dezatela eskatzen diegu. Eta utz dezatela behingoz guztia nahasteari eta eurei dagokien lana egiteko aitzakiak jartzeari; Goierriko herritarrek irtenbidea behar dute, ez propaganda elektorala.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina