2015(e)ko azaroaren 23(a), astelehena

Emakumeak indarkerietatik aske eta burujabe!

Oro har neurri batean erraza suertatzen zaigu erasorik ikusgarrienak edo dramatikoenak identifikatzea, baina ez hainbeste gure egunerokotasunean ohikoagoak diren mikromatxismoez ohartzea (umiliazioak, desakreditazioak, jarrera paternalistak...). Gure buruak hezi eta trebatu behar ditugu horretarako.

Indarkeria matxista era askotara azaleratzen da esparru sozial, politiko, kultural, juridiko, ekonomiko eta ideologiko osoan dago presente. Eraso matxistak kalean ere egiten dira, lanean, polizia-etxeetan, kartzelan, ikastetxeetan... Edonon eta edozein testuingurutan gerta daiteke eta leku guztietan borrokatu behar dugu indarkeria matxistaren kontra.
Bistan da emakumeok indarkerietatik aske bizitzeko dugun eskubidea ez dugula bermaturik, udan jai giroan emandako hamaika eraso eta aurten eraildako sei emakumeak adierazgarri argiak dira.
Indarkeriak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriak eta erantzunak era integralak behar dute izan. Mugimendu Feministak urteetan egindako kontzientziazio, formakuntza eta borrokari esker geroz eta salaketa gehiago daude eta erantzuna zabalagoa da.
Indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiak anitzak dira, urteak dira mugimendu feministak autodefentsa feministaren ildotik lanketa hori bultzatu duela. Hori balioan jarri behar da. Autodefentsa feminista indarkeriaren erroetara jo eta berarekin amaitzeko beharrezko den jokabidea, jarrera eta tresna multzoa litzateke.
Kapitalismo patriarkarrak emakumeoi beldurra eta sumisioa barruraino sartu digun sistemaren aurrean, autoestimu psikiko eta fisikoa izatea beharrezkoa da, emakumeok maila pertsonal eta kolektiboan segurtasuna landu behar dugu.
Autodefentsa Feministaren estrategiaren baitan aurtengo udako festetan mugimendu feministak antolatutako gaueko manifestazioak izan ditugu. Manifestazio hauen bitartez emakumeak ahaldundu, salaketan urrats berriak eman eta erasotzaileak zuzenean interpelatzea bilatzen zuten.
Erabilitako estetikak zer esana sortu du emakume biktimaren iruditegia apurtu duelako, emakume ahaldundu eta borrokalariak mehatxu bezala ikusiak direlako. Euskal jendartean ahalduntze kolektibo eta orden sinbolikoaren apurketaren aurrean erresistentziak eta eztabaidak sortzen dira ekimen sinboliko hauen legitimitatea zalantzan jarriz.
Ikuspegi guztietatik eraikitzaileak izan daitezkeen eztabaidetatik haratago, indarkeria matxistaren espresiorik gordinenak diren eraso matxisten gain jarri nahi dugu arreta, ordea.
Zalantza eta kezka handiagoa sortu behar liguke adin-txikiko mutil batek adin-txikiko neska bat bortxatzera zerk eramaten duen. Melissa, Annie, Maria, Leire, Almudena eta Lehunzeko emakume bat erailak izanak sortu beharko liguke kezka eta ezinegona.
Azaroaren 25ean kalera aterako gara, mugimendu feministak deitutako manifestazio eta ekimenetan parte hartuko dugu, baina egunero, edonon eta edonola emakumeok jasaten dugun indarkeria matxistarekin bukatzeko lan egiten jarraituko dugu.
Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina