Eguraldiari erreperatuz hala ematez ez badu ere, uda sasoian sartuta gaude bete-betean. Hona hemen Berria egunkariak euskaldunon oporretarako joerei buruz egin duena. Eta zu nora zoaz oporretan?
BERRIA. Mendia ala hondartza? Galdera hori sortzen denean, opor egunak heldu
diren seinale. Toalla luzatu eta harean etzatea aukeratuko dute batzuek.
Kulubitxoa bete, eta aldapan gora egitea besteek. Bata edo bestea
aukeratzeko irizpideak desberdinak dira, baina badira euskal herritar
askoren topaleku diren leku batzuk.
SALOU
Hondartzazaleek leku bat izaten dute buruan: Salou (Tarragona, Herrialde Katalanak). Harea gainean ibiltzeko kilometroak eta itsasoari begirako terrazak dira han nagusi. Nahiz eta etxetik urrun egon, turismo eskaintza handia dago, eta ostatuak prezio onean daudenez, udatiar ugari biltzen dira. Euskal herritarrak biltzeko toki bat ere bada han. Duela lau urte, Noel Gonzalezek Ongi Etorri taberna zabaldu zuen, Saloun dagoen euskal taberna bakarra. Bezero gehienak Euskal Herrikoak dira, eta Arabako Errioxako ardoak, txuletoia eta arraina eskatu ohi dutela azaldu du Gonzalezek. Jatetxean dauden habeak eskuz eginak eta Euskal Herritik eramanak dira. «Bezeroek taberna hau aukeratzen dute elkartzeko». Ainhoa Gutierrez Saloura doazen euskal herritar horietako bat da. Hiru urte daramatza bertan uda igarotzen, eta aurtengoa laugarrena izango da. «Salou aukeratzen dugu klimagatik. Euskal Herrian gutxitan egiten du eguraldi ona, eta orduan, denak korrika goaz hondartzara».
Gutierrezek ume txikiak ditu, eta ostatuek haientzako ekintza asko
prestatzen dituztela azaldu du. «Lagun taldea osatu genuen beste
euskaldun batzuekin batera, eta ibilaldiak antolatzen ditugu,
igerilekuetara joaten gara eta haurrak zoora eramaten ditugu».
NOJA
Opor egunak gutxi direnean, etxe inguruan dauden
lekuak aukeratzen dituzte gehienek. Bizkaitarren artean, oso ohikoa da
Kantabriara joatea (Espainia). «Asteburu bat pasatzeko abagunea ematen
du», dio Laura Quirogak, zeinak Nojan etxea duen. Trengandin hondartzako
harea finak eta itsasbeherak agerian uzten dituen uharriek erakarri
zuten. Hura eta beste milaka euskal herritar gehiago. «Hondartzan
atseden hartzen edo zelaietan ibiltzen, euskal herritarrekin topo egiten
duzu», gaineratu du. Nojako Los Molinos kanpinekoek azaldu dutenez,
krisiaren eragina oso agerikoa da. Lehen, egonaldiak astebetekoak izaten
ziren, eta azken urteetan, asteburu bat pasatzen dute bisitariek han.
Euskal herritar gehienek etxea dutela diote; hori dela eta, kanpinera
joaten direnak gutxiago dira. Alicia Herrerok beste etxe bat du Nojan,
eta uda guztietan joan ohi da hara. «Egunak lasaiak eta ordutegirik
gabekoak dira, baina, hain ezaguna denez, abuztuan bizkaitarrez gainezka
dago».
JACA
Mendia maite duten euskal herritarrentzat oso
erakargarria da Jaca (Huesca, Espainia). Via Alpinako kirol dendan,
batez ere, amildegi jaitsierak eta trekkinga egiteko materiala saltzen
dute oporraldian. Erosleen %80 euskal herritarrak direla diote. «Lehen,
ezkondu aurreko agur festak egin ohi ziren Jaca inguruetan; baina,
azkenaldian, haur txikiak dituzten gero eta familia gehiago biltzen
direla sumatzen ari gara», dio Javier Reyesek, saltokiko arduradunak.
Mendizaletasunak eraman zuen Egoitz Ikutza Jacara. Duela sei urte
mendiko kluba sortu zuten, eta beste euskal herritar batzuekin irteerak
antolatzen dituzte. «Opor egunetan jende asko doanez, zirkulazio handia
dago hara heltzeko», esan du.
Jon Goikouria ere
ia astebururo joaten da Jacara. Estilo erromanikoko katedrala eta
gotorlekuko harresia bisitatzeaz gain, Ordesa parke naturalean ibiltzen
da. «Hiritik gertu bizi garenok ez dakigu zer den benetako atsedena
hartzea», azpimarratu du. Goikouriaren arabera, Jaca euskal herritarrez
beteta dago. Eguna mendian igaro ostean, herriko kale nagusiko edozein
tabernatan ikus daitezke pintxoak jaten. Jendetza ibiltzea
saltokietarako onuragarria dela pentsatzen du Adrian Morenok, Mallatas
eskulangintza dendakoak: «Artisau lanak erosten dituzte, baina bitxiak
izaten dira euskal herritarrek hautatzen dituzten oroigarriak».
LANDAK
LANDAK
Landak (Okzitania) oso arrakastatsuak dira
euskal herritarren artean, eta askok Vieux-Boucau-les-Bains herria
aukeratzen dute. Village Vancances Le Junka ostatukoek diotenez, udatiar
gehienak ekaina eta iraila artean heltzen dira, eta batez beste,
astebete pasatzen dute herrian. Erdiguneko tabernetan elkartu, Hossegor
herria bisitatu, hondartzara joan eta bizikletarekin ibiltzen dira,
aintzira inguruetan eta basoetan barrena. «Paisaiak ikaragarriak dira,
oso aproposak haurrekin bizikleta hartzeko», dio Rosa Acostak. Acosta
aste honetan bertan izan da Landetan. Lankide baten gomendioz aukeratu
zuen leku hori, eta euskal herritar asko topatu dituela azaldu du;
«batez ere gipuzkoarrak».
Acostaren ustez, hainbeste familia euskaldun
egonda, haurrek elkarrekin jolasteko eta euskaraz hitz egiteko aukera
dute. Gainera, jaialdi asko antolatzen dituztela azpimarratu du.
Vieux-Boucau-les-Bains herrira joaten direnek igandea bitarte Nas de
Guit jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute. Igandera arte, haurrentzako
ekitaldiak eta musika kontzertuak izango dira kaleetan. Hala ere,
aldatu beharreko xehetasun bat proposatu du Rosa Acostak: «Inguru oso
turistikoa denez, Frantziako ordutegiak alde batera utzi eta beranduago
itxi beharko lukete».
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina