2014(e)ko uztailaren 7(a), astelehena

Urtebete ezer kontsumitu gabe

ARGIA. Kontsumo gizarteari ihes egiten ahal zaiola  frogatu du Greta Taubert 30 urteko kazetari alemaniarrak. Urtebete egon da ezer erosi gabe eta Apokalypse jetzt! (Apokalipsia orain!) liburuan bildu du esperientzia.
     Urtebetez, trukean oinarritu da Tauberten sistema ekonomikoa, baratzean jardun du elikagaiak lortzeko, berak egindako txanpu, krema eta hortzetako pasta erabili ditu, autoestop eginez Bartzelonako okupa etxe batean pasa ditu oporrak, komun idorrak baliatu ditu, jendeak zaborretara botatako hondakin birziklagarriak bilatu ditu...

      "Gure sistema ekonomikoak hazkunde mugagabea du oinarri, baina gure mundu ekologikoa mugatua da", dio kazetariak. Bere hitzetan, egungo eredu ekonomikoaren mugez kontzientziatzeko balio izan du krisiak eta "jendeak ulertu du erreskate planek edo Europako Egonkortasun Mekanismoak ez dutela ezer konpondu".
      Ekintza honen bidez, bestelako ekonomia eredu solidario eta jasangarriagoaren alde egin nahi izan du Taubertek. Gogoratu du, adibidez, Alemanian 2012an zazpi milioi tona jaki bota zituztela zaborretara (batez beste 81,6 kilo pertsonako).
      "Gaur egun, urtebete honetan ikasitakoa nire egunerokoan integratzen saiatzen naiz", adierazi du.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina