2014(e)ko uztailaren 4(a), ostirala

Sokatirako euskal selekzioa ofizialki lehiatuko da nazioarteko txapelketetan

BERRIA. Sokatirako euskal selekzioa ofiziala da herenegundik. Hala jakinarazi diote Nazioarteko Sokatira Federazioko kideek Euskadiko Herri Kirol Federazioari. Aurrerantzean, beraz, sokatirako euskal selekzioa ofizialki lehiatu ahalko da nazioarteko txapelketa guztietan, Basque Country izenpean. "Eskubide eta betebehar osoko" onarpena eman diote selekzioari, eta federazio horren parte da dagoeneko. Estatus horretaz, baina, abuztuaren 31tik aurrera baliatu ahalko da; orduan bukatuko da AEBetan egingo duten lur gaineko txapelketa. 
40 urte, tiraka Sokatirako euskal taldeek 40 urte baino gehiago daramatzate nazioarteko txapelketetan parte hartzen. Halere, sekula ez dute aukerarik izan ofizialki nazioarteko federazioko parte izateko. Hori dela eta, Spain izenarekin lehiatu dira Euskal Herritik kanpoko txapelketetan, betiere euskal ikurrak erabiliz. Aitortza falta zitzaien, eta azkenean lortu dute, hori baitzen erronka: federazioaren parte izatea. "Duela 40 urte inguru parte hartzen hasi ziren talde batzuek jarraitzen dute oraindik ere. Baina segitzen ez dutenen lanaren ondorioa ere bada lorpen hau", nabarmendu dute.
     Pozarren dira selekzioko kideak. Urteetan buru belarri aritu dira ofizialtasunaren atzetik: belaunaldi asko pasatu dira helburua erdietsi ezinik. Baldintzak ere askotarikoak izan dira. 2012ko apirilaren 18an Espainiako Auzitegi Kontsituzionalak euskal kirolari buruz kaleratu zuen ebazpena "mugarri bat" izan zen, federazioko ordezkarien irudiko. Akordioak lortzeko oinarriak jarri zituela diote. Orduan ekin zioten nazioarteko federazioaren biltzen, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaz. Jaurlaritzak dokumentu "garrantzitsuak" jarri zituen euskal federazioko kideen esku. "Prozesu sakon bat ireki zen adostasunak lortzeko bidean".
     Ez dute ahantzi urteetan eginiko lana, eta esker oneko hitzak dituzte prozesuan bidelagun izan dituzten guztiekin. "Bai Eusko Jaurlaritzari, federazioko zuzendaritzari, epaileei eta batez ere, sokatira talde guztiei aipamen berezia egitea gustatuko litzaiguke. Haien lana gabe ez litzateke posible gaurko albistea". Hemendik aurrera, ikurrina beste herrialdeen ikurren parean ikustea lortu du sokatirako selekzioak: "Herri txikia gara, baina sokatiraren munduan handiak gara".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina