2016(e)ko urtarrilaren 10(a), igandea

Sistemaren goi tentsioko zainak

Gure zerua aldez alde zeharkatzen duten kablez josita dagoela ez gara ohartzen maiz. Euskal Herriko paisaian ohikoak bihurtu dira elektrizitatea garraiatzeko lineak, eta goi tentsioko hainbat ere baditugu lehenagotik.  


ARGIA-.  2011n aurkeztu zuen Red Eléctrica de Españak (REE) 400.000 volteko linearen proiektua, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso lotuko zituena. Ez zen, ordea, hutsetik hasitako proiektua, alde batera utzitako Deikaztelu-Gasteiz goi tentsioko linearen jarraipena baizik. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zutenaren arabera, “ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteen eta egondako oposizioaren eraginez” bota zuten atzera lehen proiektu hura, eta Deikaztelu-Itsasokoaz ordeztu.  

“Urrunekoa hurbildu eta hurbilekoa urrundu”
Alberto Frias abokatu eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak argi azaldu du zertan datzan autobide elektrikoaren ideia: “Lurreko autobideen antzekotasunak ditu, baina airetik doa: autobideetan herrietako sarrera eta irteeretan bidesariak dauden bezala, goi tentsioko lineak azpiestazioak behar ditu energia bertatik hartu edo hara igotzeko”. 

Hasiera batean proiektuak Deikazteluko azpiestazioa jasotzen bazuen ere, onartu berri duten 2015-2020 Energia Plangintzan ezabatu egin dute. Horrek esan nahi du ezinezkoa izango dela linea tokiko beharretarako erabiltzea.

129 kilometroko ibilbidea izango luke goi tentsioko lineak, eta bide horretan Nafarroako eta Gipuzkoako herri eta kontzeju ugari izango lirateke kaltetuak. Dorreak Euskal Herrian orain arte ikusi gabekoak izanen dira proiektua aurrera ateratzen bada: 85 metroko altuera izan dezakete, Bilboko BBVAren dorreak adina. Horrez gain, elektrizitatearen joan-etorrirako linea denez, kable kopurua –eta eragina– bikoiztu egiten da: hemezortzi eroale osotara.

400 kV-eko linea berria nahikoa ez eta lehenagotik ibilbide berean dauden Orkoien-Itsaso arteko 220 kV-eko bi lineak indartzea ere jaso dute Energia Plangintzan. Irurtzun inguruan elkartu eta Gipuzkoara paralelo joango liratekeen zati horretan eragin elektromagnetikoa “ikaragarria” izanen dela azpimarratu du Friasek.

Goi tentsioko linearen inpaktuak esparru askotan kaltetuko lituzke herriak. Paisaiari eta ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteak begi bistakoak dira: Natura 2000 Sareko eremu babestuen artetik pasatzen da linea, hala nola, Urbasa-Andia, Aralar, Aizkorri eta Oriagoienako eremuen arteko korridore ekologikoetatik. Hango animaliei eta batez ere hegazti babestuei –ugatza eta arrano beltza, besteak beste– zuzenean eraginen lieke, Friasek ironiaz dioen bezala “hegaztiak ez baitira oso ongi moldatzen tentsio maila horretako hemezortzi kablerekin”. Landarediari ere kalteak ekarriko lizkioke, haritz, pago eta arteak moztuko lirateke eta. 

Ingurumenean ez ezik, herri horien eta bertako biztanleen bizitzan ere eragin zuzena izango luke linea eraikitzeak. Osasuna dago alde batetik. Horrelako linea baten azpian lanpara fluoreszente bat bere kasa pizten dela ikus daiteke plataformaren bideo batean. Zein eragin izan ditzake maila horretako eremu elektromagnetikoak osasunean? Horrekin kezkatuta daude herritar asko, eta beren jatorrizko herriak uzteaz pentsatzen ari dira batzuk. 

Europar Batasuneko zuhurtzia-printzipioak dio 100 voltek metro bateko segurtasun tartea behar dutela. Kasu honetan, kilometro erdiko tartea beharko litzateke linearen alde bakoitzean, kilometro bat osotara. Tarte horren barruan geldituko lirateke hamasei herri. Ez dira, beraz, ezarritako minimoak ere errespetatu. Eta herri-guneetatik haratago, beste toki asko ez dituzte kontuan hartu ere egin: baserri auzoak, kanpinak, jendea bizi den poligono industrialak, futbol zelaiak...

Horrez gain, Mutiloako alkate Iñaki Ugaldek azaldu du proiektuak herrietako planteamenduarekin aurrez aurre talka egiten duela lurralde antolaketari dagokionez. Mutiloan, Goierriko beste hainbat herritan bezala, kultur ondareari balioa eman eta hango meatze zaharrak errekuperatzen ari dira, herriaren etorkizuna eta turismoa gogoan. Berdin gertatzen da Garesen Donejakue bidearekin, edota Deikaztelun, ardo ekologikoa ekoizten duten upategiekin. Linea bateraezina da jarduera horiekin guztiekin. 

Eta hori guztia, zertarako?
Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideek hasieratik salatu zuten goi tentsioko linea horren helburua ez dela tokiko energia beharrizanak asetzea. Egon litezkeen energia desorekei aurre egiteko, lehenagotik eraikita dauden lineak indartzea nahikoa litzatekeela diote. 

“Penintsulako energia sisteman potentzia handiegia dago instalatuta: 100.000 megawatt, eta eskaera gorena ez da inoiz 44.000 megawattetik pasatu. Hori, krisia baino lehen”, azaldu du Friasek. Zer esan nahi du horrek? Behar dena baino energia gehiago sortzeko ahalmena dagoela –instalatutako potentziak bikoiztu egiten du eskaeraren gailurra–, eta elektrizitatea ezin denez gorde, kanpora atera behar dela. Adibide garbiak dira Castejóngo zentral termikoak: haien eraikuntzan eta mantenuan dirutza utzi ondoren geldirik daude, “sistemak behar ez dituelako”.

REEren datuen arabera, azken urteetan energia esportazioak gehiago izan dira inportazioak baino. Eta 2015-2020 Energia Plangintzan argi azaltzen da Frantziako Estatura energia garraiatzeko erabiliko dela goi tentsioko linea berria.  

Herritarrak eta tokiko administrazioak vs. gobernuak
Lizarraldeko energia hornikuntza izan zen Nafarroako aurreko gobernuak proiektua sutsuki babesteko urte askoan erabilitako arrazoia. Deikazteluko azpiestazioa proiektutik desagertzearekin batera, berriz, aitzakia hori bertan behera gelditu da. “2015-2020 Energia Plangintzak jaso du orain arte EAEko eta batez ere Nafarroako Gobernuak ukatu diguna: goi tentsioko linea, tokiko beharretarako baino, elektrizitatea Frantziara eramateko dela”, dio Friasek.

Nafarroako Gobernu berriari ere egitasmoa atzera botatzeko eskaria behin baino gehiagotan egin dio plataformak, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso salatu du Friasek: “Lotsagarria da aldaketaren Gobernuak ‘Ez daki/Ez du erantzuten’ jarrera hartzea kontu honekin”. 

Goi tentsioko linearen eskumena estatuarena izanik ere, elektrizitate planifikazioa egiterakoan proiektuak tokiko gobernuekin kontsultatzea eta komunikatzea derrigorrezkoa da. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute onartu kontsulta hori egin dutenentz, ezta kaltetutako udalen izenean galdetu zaienean ere. “Ez dituzte beren eginbeharrak bete: ez diete Udalei laguntza teknikorik eman, ezta epeen inguruko jakinarazpenik egin. Plataforma egon behar izan da informazio publikoaren hutsuneak betetzen”.  
EAEko eta Nafarroako gobernuen isiltasunaren eta immo bilismoaren aurrean, ordea, linea pasatzen den herrietan oposizio mugimendu zabala sortu zen proiektua atera bezain laster. Autopista Elektrikorik Ez plataforman bildu dira udalak, herritarrak eta elkarteak, eta proiektua gelditzeko lanean aritu dira azken urteetan. 

2011ko abenduan, 470 udal karguk proiektua gelditzeko eskaera egin zieten gobernu foralari eta autonomikoari Berriozarren. Aurrez 220 udal eta kontzejuk onartuak zituzten eskari hori egiten zuten mozioak.


Alderdi politiko askotako ordezkariak daude herriotan, baina bitxi bada ere, gai honetan adostasun osoa lortu dute guzti-guztiek: inor ez dago linearen alde. Udaletan legealdi berria hasi zenetik, korporazio berriak mozioak aurkezten ari dira aurreko udal-gobernuen jarrera berresteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina