2014(e)ko urriaren 1(a), asteazkena

Ametsa ez da hil

Inkestek aurreikusitakoa baino alde nabarmenagoarekin, ezezkoak  garaitu du Eskoziako independentziarako erreferendumean, botoen %55,3 jasota. Orain, ikusteke dago noiz eta nola beteko duen Londresek Eskoziari botere berriak emateko promesa


ARGIA. Eskoziako erreferendumak dagoeneko utzi eta utziko dituen elementu positibo guztiez harago, lehenengo konstatazioa, agerikoena, zera da: independentismoak ez du lortu bere proiektua martxan jartzeko behar beste jende konbentzitzea. Gertu ibili da, baina, bistan da, lehia galdu du. Eta komeni da horren arrazoiak, nagusiena behintzat, azpimarratzea. Unionistek beldurraren mamua astindu dute kanpaina osoan zehar, eta azkenean, emaitza onak eman dizkie. Bitartean, Eskoziaren independentziaren aldekoak ez dira gai izan etorkizunerako bermeak argi uzteko. Horixe du kontran independentismoak, Eskozian eta beste edonon: hipotesi baten gainean lan egiten du, gauzagarria den baina gaur gaurkoz ukigarria ez den zerbaiten gainean. Unionismoak proposatzen duena, hobea ala okerragoa, ezaguna da. Independentismoarena, aldiz, imajinatu beharra dago. Joko-zelai horretan, konfiantza da estatu independente bat lortu nahi dutenen tresnarik eraginkorrena; konfiantza transmititu, proiektuak behar beste ilusio piztu eta jaso dezan. Eskozian, agerikoa denez, beldurra ilusioari gailendu zaio. Eta horrek zer ikasia eman beharko lieke gainerako independentismoei ere, behin eta berriz beldurraren hormaren kontra jo nahi ez badute.
  • Irakurri erreportajea osorik, Argian. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina