2014(e)ko urriaren 26(a), igandea

Zatoz mosaiko erraldoira!

Azaroaren 8an mosaiko erraldoia egingo du Gure Esku Dago egitasmoak Donostiako Zurriola hondartzan. Erronka ere jarri dute: 5.000 pertsona batu nahi dituzte!





MOSAIKO ERRALDOIA... ZERTARAKO?
Kataluniako galdeketaren bezperatan eta Eskoziako erreferenduma pasata, Euskal Herrian ere erabakitzeko eskubidea noizbait praktikara eramateko lanean ari garela adierazteko izango da azaroaren 8ko ekintza. Aurtengo ikasturtean egiteko diren lanei elkarrekin ekiteko. Berriz ere, Fikoban zabaldu genuen aterkipean elkarrekin jarduteko! 

MOSAIKO ERRALDOIA... NOLA?
Mosaikoa egiteko bi material erabiliko dira: koloretako aterki eta petoak. Eta noski, hirugarren osagaia herritarrak izango dira! Aurrez diseinatutako irudi batzuk denon artean osatuta ahaleginduko dira lanari
merezitako bultzada ematen. Egunean bertan, beraz, mosaikoa egiten lagunduko duten teknikoen esanari kasu egitea nahikoa izango da irudi ederrak sortzeko! 

Eta PARTE HARTU NAHI DUTENEK?
Erraza da mosaiko erraldoian parte hartzea, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa izango
da azaroaren 8an dena erraz-erraz egin nahi badugu.



Izena emateko modurik errazena: herriz herri Gure Esku Dago dinamikako batzordeek salduko dituzten txarteletako bat erostea (5€). Txartel hori erosterakoan zure izena emango duzu mosaiko erraldoiean
parte hartzeko, eta era berean, txartel horrek balioko du azaroaren 8an bakoitzari dagokion petoa eta aterkia eskuratzeko (material hori norberarentzako izango da gero).  EZINBESTEKOA IZANGO DA ZURRIOLARA TXARTEL HORI ERAMATEA. Internet bidez izena emateko aukera ere martxan dago.

5 € PARTE HARTZEAREN TRUKE?
Ahal den neurrian, bai. Gure Esku Dago dinamika herritarra izaki, egiten dituzten ekimenak
autofinantziatu beharra dituzte eta zentzu horretan, mosaiko erraldoia egiteko erabiliko duten materialaren gastua norberak ordaintzeko ahalegina egin nahi dute. Ekimen honek, noski, bestelako gastuak ere izango ditu, eta beraz, norberak jarritako 5 €ekin ez dute ekimen guztia finantzatzea lortuko, baina bai zati bat behintzat.
Esan gabe doa, inork 5 € horiek ordaindu ezingo balitu, ezingo dela hori parte hartzeko muga bat izan.

EDONORK HARTU DEZAKE PARTE MOSAIKOAN?
Batzuek uste dutenaren kontra, mosaikoan parte hartzeak ez du dantzan egin beharra ekarriko. Hortaz, ez dugu gaitasun berezirik beharko mosaikoan parte hartzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina