2014(e)ko urriaren 3(a), ostirala

"Osabaren hezurrak aurkituta, ziklo garrantzitsua itxi da familiarentzat"

Iazko apirilean Aranzadik eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteak Urbasan hainbat hilotz topatu ondoren, duela bi aste horietako bat identifikatzea lortu zuten: Jose Urbizu Berasategi zegamarra zen. Goierriko Hitza egunkariak Martin eta Jose Urbizu aita-semeen familiakoei egindako elkarrizketa argitaratu du gaur.

"Osabaren hezurrak aurkituta, ziklo garrantzitsua itxi da familiarentzat" 


Maria Eugenia Zabaletak (1961, Zumarraga) eta Aurori Zabaletak (1955, Zumarraga) haurrak zirenetik entzun dute etxean beren familiaren historia. Haien aitona, Zegamako Arizti-Erdi baserrian bizi zen Martin Urbizu (1876-1936), 1936ko abuztuaren 7an fusilatu zuten faxistek, Etxegaraten, lanean ziharduen sorotik eramanda. Martinen semea, berriz, Jose Urbizu (1916-1936), aitaren gorpuaren bila abiatu zen bost egun beranduago, baina bidean auto batek jaso eta tiroz hil zuten.   Haren gorpua Urbasako leize batera bota zuten ustea izan dute beti, baina orain ziurtasunez jakin ahal izan dute. Izan ere, Jose Urbizuren DNA identifikatu dute Aranzadik iazko martxoan El Raso leizean aurkitutako hezur batzuetan.

Nola jaso duzue albistea?
Poza eta tristura nahastu zaizkigu. Lehengusu guztiok poztu gara asko, azkenean ziurtasunez jakin ahal izan dugulako osabaren hezurrak non dauden. Baina, aldi berean, tristea da zer gertatu zen gogoratzea. Osaba gaztea zen, indartsua, guapoa, beti bizikletarekin ibiltzen zen gora eta behera… etxera poza ekartzen zuen horietakoa zen. Eta bat-batean desagertzea… oso gogorra izan zen. Orain ziklo garrantzitsua bat itxi da gure familiarentzat.

Nola identifikatu dituzte zuen osabaren hezurrak?
Iazko martxoan Aranzadi elkarteak sei gorpuren hezurrak aurkitu zituen Urbasako El Raso leizean. Lurdes Herrastirekin jarri ginen harremanetan, eta gure lehengusu baten DNA eraman zuten, alderaketa egiteko. Eta Joseren hezurrak zirela konprobatu zuten.

Zuek ez zenuten osaba ezagutuko, ezta?
Ezagutu ez, baina etxeko betiko drama izan da. Gure gurasoek beti kontatu izan digute osabari eta aitonari gertatutakoa, eta gure seme-alabek ere, denek dakite nondik gatozen, eta gure familiak zer nolako tristurarekin bizi izan duen beti gertaera hori. Zehatz-mehatz eta segurtasun osoz kontatzen ziguten gertatutakoa, gainera. Eta orain, Joseren hezurrak aurkitu dituztenean eta gauzak gutxika argitara ateratzen ari direnean, konturatzen ari gara gurasoak zuzen zeudela, eta gauzak haiek kontatu bezala gertatu zirela. Data guztiak bat datoz.

Familiak nola eraman du bi senitartekoren erailketaren zama hori?
Guri, haurrak ginela, aspaldiko kontuak iruditzen zitzaizkigun etxean entzuten genituenak. Baina, orain, pentsatzen jarrita, gure ahizpa zaharrena 1946an jaio zen. Beraz, denboran oso gertu izan genuen gerratea. Orain askotan pentsatzen dugu, nola lortu ote zuen gure familiak aurrera egitea, pozik bizitzea, eta zoriontasuna transmititzea.
     Dena den, oso gogorra izan zen. Familia bat markatu egiten dute horrelako gauzek. Gainera, gerra amaitutakoan, baserria utzi behar izan zuten. Zumarragako Eitzaga auzora etorri zen orduan gure ama. Garai hartan, inguruko herrietako beste jende asko ere etorri zen, eta familia bakoitzak bere historia zuen atzean.

Zegamatik alde egin zuten, hortaz.
Amak minez gogoratzen zuen Zegama. Herriko agintariak eta Eliza ez ziren ondo portatu beraiekin. Gure aitona oso lotuta zegoen Elizari, Urbiako ermita egiten ere aritu zen. Hil zutenean, ordea, familiak ez zuen esperotako babesa jaso Elizaren aldetik, eta asko mindu ziren. Batez ere, amona.    Orain, hala ere, herriarekin adiskidetzen ari gara berriro. Azkeneko lehengusu bazkaria Zegaman egin genuen.
     Angel Irigoras zegamarrak Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk liburuan jasotzen du zuen kontakizuna.
      Orain dela urte batzuk Iñaki Egaña historialaria entzun genuen irratian, memoria historikoari buruz idatzi behar zuen liburu batez hizketan. Orduan pentsatu genuen guk ere gure historia kontatu beharra genuela, ahanzturan gera ez zedin. Egañarekin harremanetan jarri ginen, eta hark bere liburuan jaso zuen gure familiaren historia. Gero, 2006an, Irigorasek ere oso ongi jaso zuen gure osaba Joseri eta aitona Martini gertatutakoa, Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk liburuan. Eskertzekoa da egin duen lana.

Zuen aitonari eta osabari gertatutakoa kontatu zenutenean, espero zenuten egunen batean hezurrak topatzea?
Garai haietan ez genuen inondik inora espero memoria historikoak azken urteetan hartu duen garrantzia hartzea. Lan izugarria egiten ari dira eta gauza asko ari dira ateratzen. Gure etxean inork ez zuen pentsatzen egunen batean hezurrak aurkitu eta identifikatuko zituztenik. Ziurrenik, gorpuak han bota zituztenek ere ez. Oso eskertuta gaude NAFSE Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearekin, lan handia egiten ari baitira, eta baita Aranzadi elkartekoekin ere.

Gorpuak leizean bota zituztenen krudeltasuna ikusi duzue, gainera, Aranzadiren txostenean, ezta?
Txostenaren arabera, pertsonen hezurrekin batera, txakurren hezurrak ere aurkitu dituzte. Pertsonak dagoeneko hilda zeuden horra bota zituztenean, baina txakurrak ez. Pertsonen hezur batzuk falta dira, gainera, eta pentsatzen dugu txakurrek jango zituztela, gosez. Hor ikusten da nolako krudeltasunarekin jokatzen zuten gure osaba hil zutenek.

Aitonaren gorpua berreskuratzeko aukera izan duzue?
Pentsa zer nolako beldurra zegoen. Aitona Martin abuztuaren 7an hil zuten, eta, abuztuaren 17ra arte ez zuten haren gorpua jaso; inor ez zen ausartu.Animaliak hurbiltzen hasi zirenean, baserriko anaiak eta beste batzuek Etxegaraten lurperatu zuten, errebuelta txikia deitzen zioten leku batean. Dena den, ezin izan dugu inoiz haren gorpua aurkitu, Etxegarate asko aldatu baita azken urteetan.

Joseren hezurrak, behintzat, familiaren eskuetan geratuko dira.
Hezurrak jasotzeko moduan daude dagoeneko, baina lehengusu asko gara eta denon artean ados jarri behar dugu lehenengo, haiekin zer egin erabakitzeko. Oraindik, bakoitza bere etxean, albistea asimilatzen ari gara.

Aurtengo Otxaportilloko ekitaldia berezia izango da zuentzat.
1980az geroztik, urtero, iraileko lehenengo igandean, Otxaportillon omenaldia egiten zaie Urbasako leizean bota zituzten hildakoei. Oso ekitaldi polita izaten da, eta urtero joaten gara hara. Bakoitzak bere istorioa kontatzen du han, eta aurten, Joseren hezurrak aurkitu dituztela kontatu ahal izango dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina