2015(e)ko abenduaren 4(a), ostirala

Arraiz: 'Hautesontziak boto independentistaz bete behar ditugu, erakusteko herri honetan badagoela muskulu nahiko aldebakarreko burujabetza prozesuari ekiteko"

EH Bilduk Gasteizko Aldabe antzokian abiatu du Kongresurako eta Senaturako hauteskundeen kanpaina. Ekitaldian izan dira Arabako hautagaiak eta EH Bilduko ordezkari politiko nagusiak, Hasier Arraiz, Pello Urizar eta Oskar Matute, besteak beste.

Hasier Arraizek dei zuzena egin die bere burua independentista eta demokratatzat duten herritarrei. 'Erronka bat dugu Hego Euskal Herriko independentista eta demokratok abenduaren 20an: Hautesontziak boto independentistaz bete behar ditugu, erakusteko herri honetan badagoela muskulu nahiko aldebakarreko burujabetza prozesuari ekiteko". 
Hauteskunde hauetan jokatuko den partida nagusia Euskal Herrian bertan jokatzen dela agertu du EH Bilduko bozeramaileak. “Partida Euskal Herrian jokatzen dugu. Euskal Herrian indar independentista eta demokratak metatu behar ditugu eta horretarako bi hitzordu ditugu: Abenduaren 6ko manifestazioa Bilbon eta abenduaren 20ko hauteskundeak. Indar erakustaldiak egin behar ditugu, burujabetza prozesuan inbertitzeko”. Zentzu horretan, herriz herri, auzoz auzo eta etxez etxe mobilizatzeko deia egin du.
Espainiako estatuaren baitan ez dagoela herri eta herritar gisa dagozkigun eskubideen errespeturako aukerarik esan du.“Egun eta aurrerantzean garatu daitezkeen prozesu eratzaile demokratiko bakarrak Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa dira”. Zentzu horretan, Euskal Bidea garatzeko indarrak metatzeko deia egin du Arraizek.
“Inposizioaren horma bota beharra dugu eta horretarako hitzordua dugu abenduaren 20ean”, esan du. “EH Bildurentzako bozka bakoitza horma hori botatzeko balioko du. LOMCE, Mozal Legea, Abortuaren legearen inposizioari ezetz esateko botoak izango dira. Inposizoari EZ. Burujabetzari BAI”, amaitu du.
Urbina: “Arabako aldaketa politiko eta sozialean beste urrats bat emateko unea da”
Iker Urbina Kongresurako Arabako hautagaiak adierazi du EH Bilduk erakutsi duela ezinbesteko indar politikoa dela Araban. Eragiteko gaitasuna daukagula erakutsi dugu, eta gai garela Arabak behar duen aldaketa politiko eta soziala bideratzeko. Hurrengo abenduaren 20an EH Bildu indartu behar dugu, Arabako aldaketa politiko eta sozialean beste urrats bat emateko. Maroto bota genuen bezala ustelei aurre egiteko botoa da EH Bildurena!”
Arabako herritarrak hauteskunde hauetan asko dutela jokoan esan du Urbinak. “Madrildik datorkigun panorama beltzaren aurrean, nork defendatuko gaitu guk geuk ez bada? Nork defendatuko du GaroƱaren itxiera? Nork exijituko du Foronda biziberritzea? Araban bertan hartutako erabakien aurka egiteari amaiera jarri behar diogu”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina