2015(e)ko abenduaren 14(a), astelehena

Elkartasunez bustitako herri kirol saioa Zegaman

Urtearen amaierarekin batera, Elkartasun Ekitaldia egingo da Zegaman. Dispertsioaren amaiera eta euskal presoen etxeratzea eskatzeko ekitaldia izango da, jaia eta aldarrikapena uztartuko dituena. Abenduaren 26an, iluntzeko 18:00etan, herri kirol saio berezia egingo da frontoian.

Joxe Mari Esnaola eta Joxe Mari Arakamaren arteko apustu batetik sortu da egitasmoa. Aizkoran bota dute erronka, batak zutika eta besteak ohiko eran ea nork lehenago bi ohin biko enbor ebaki.

Herri kirol erakustaldi gehiago ere izango dira, ordea. Jon Unanue 'Goenatxo III' azkoitiarra arituko da harrijasotzen eta Andde Arbenoiz urruñarra lasto altxatzen. Saioari umore puntua jartzeaz Iker Zubeldia eta Aratz Igartzabal bertsolariak arduratuko dira.

Sarrera-laguntza 10 eurokoa izango da. Dispertsioak eragindako gastuetara bideratuko da bertan jasotako dirua.


Gaztina-jatea, urte zaharrarekin
Urteroko ohiturari eutsiz, bestalde, gaztina-jatea egingo da Urte Zahar egunean. Euskal presoen eskubideen defentsan, iluntzean izango da hitzordua.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina