2014(e)ko abenduaren 18(a), osteguna

Arkaitz Saezen eta Aratz Gomezen aldeko ekitaldiak, Hazparnen

Larunbat honetan, hilak 20, hainbat ekintza antolatu dituzte Hazparneko Ttattola gaztetxean bi preso larpurtarren askatasuna eskatzeko.
1998ko azaroaren 16an atxilotu zituzten Arkaitz Saez eta Aratz Gomez, 22 eta 20 urte zituztela. Epaiketa zentzugabe baten ondoren, 18 urteko zigorra jarri zieten; dagoeneko, 15 urte eman dituzte. Hiri Buruz komiteak egoera hori behingoz amai dadin eskatu du, egoera jasanezina delako. Lapurtarren alde gaualdia antolatu dute larunbat honeterako Hazparneko Ttattola gaztetxean.


Hiri Buruz komiteak presoen egoeraren gaineko irakurketa egin du:

Arkaitz eta Aratz, 15 urte preso!
Aratz Gomez eta Arkaitz Saez, Azkaine eta Hiriburuko euskal preso politikoak, 1998ko azaroaren 16an atxilotu zituzten Irunen. 20 eta 22 urte zituztela atxilotu eta bortizki torturatu zituzten bost egunez. Arkaitz Espainiar Poliziaren egoitzetan pasatako egunetan hainbeste jipoitu zuten, ospitalera eraman behar izan zutela. Salaketa ezarri zuten baina alferrik. 18 urteko presondegi zigorra bildu zuten zentzugabeko epaiketa baten ondorioz. 15 urte bete dituzte eta azken egunera arte ez diete ateratzen utziko.
     Aratz bi urtez Alkala Mekoko presondegian egon ondoren 7 urtez Astuariaseko presondegi batetarat eraman zuten. Bertako bizi baldintzak biziki gogorrak izan ziren, funtzionarioek manaturik, preso sozialak euskal presoak eraso baitzituzten. Gisa berean, prentsaren intoxikazioarekin sekulako muntaia egin zuten, Aratz eta beste kide bat Al Qaeda eta mugimendu inslamistarekin lotu nahian Madrileko atentatuen harira. Baina muntaia faltsua zela berehala argitu zen. Egun Madrileko Ocaña presondegian dago eta berrikitan aita izana da.
     Arkaitz, Puerto Santamarian Euskal Herritik 1400 kmra dagoen « goi segurtasuneko » presondegian da. Bertan, presoak abereak bezala tratatzen dituzte. Presondegiko baldintzak, pentsa daitezkeen okerrenak dira. Mehatxuak, probokazioak, intimidazioak eta kolpeak ohikoak dira, Espainiako beste puntan, Afrikako ateetan kokaturik dagoen kartzelan. Presondegi baldintzak hain dira gogorrak, Puerto I, Espainiako beste presondegietako presoak zigortzeko kartzela gisa erabiltzen dutela. Horiek hilabete batzuetarako eramaten dituzte bertara gero lehenagoko presondegietara itzultzeko. Baina Arkaitzek presondegian daramatzan 15 urteetarik 13 bertan beteak ditu. Bertan denbora gehien daraman presoa da. Puerton presoei etengabe egiten zaie xantaia. Hilabetean lau gutun besterik ez dituzte jaso eta bidaltzen ahal, eta beti ikaragarriko berantarekin. Telefono deiak mugatuak dira. Bisita baimenak 10 laguni mugatzen dizkiete. Presondegian ikasketak egitea erraztu ordez, zailtasunak besterik ez dizkiote ezartzen. Diziplina militarra da, bortitza. Osasun aldetik, aldiz, hobe ez eritzea. Hortz sinple bat konpontzeko hilabeteak itxoin behar dira, eta gehienetan gaizki koponduko dute. Mediku arreta ez da espero daitekeen gutienekora ere heltzen. Bere hurbilekoentzat, bertaratzea kalbario bat da : ostiral arratsaldean autobusa hartu eta 17 orenen ondotik, larunbat goizean iristen dira Andaluziara. 40 minutaz berina baten atzean ikusi, eta gauez itzulia, igande eguerditan heltzeko etxera. 2800 km ko bidaia, akigarri, garesti eta arriskugarria. Egoera horretan, hilabetean behin baino gehiagotan bisita egitea ezinezko bilakatzen da.
    Aratz Madrileko Ocañako presondegian da azken urteetan baina Asturiasen pasatako urteak biziki gogorrak izan dira, presondegiaren kokapenak bisita kopuruak frango mugatu baititu. Aratzek eta Arkaitzek hainbat protestalditan partehartu dute beren egoera salatzeko, hala nola txapeo eta gose grebetan. Egoera jasanezina da. Bere burua demokratikotzat aurkezten duen herri torturatzaile eta esterminatzaile horren aitzinean, gure ezinegona adierazi nahi dugu eta populakuntzari eta hautetsiei jakinarazi mugi daitezen egoera hori alda dezaten lehenbailehen.
     15 urte luze horiek salatzeko, heldu den abenduaren20an Hazparneko Ttattola Gaztetxean gaualdi bat antolatzen dugu…

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina