2014(e)ko abenduaren 5(a), ostirala

EAJk eta PSEk elikatu duten “fracking-aren burbuila kutsakorra” behingoz zulatzearen alde egin du EH Bilduk

"Fracking-aren burbuila kutsakorra etengabe puzten dihardute EAJ eta PSE EAEn", salatu du Dani Maeztu legebiltzarkideak, fracking-a debekatzeko plataformek Legebiltzarrean aurkeztu duten proposamenaren eztabaidan.
     "Estatu Batuetan frogatu da burbuila beltz bat sortu dela haustura hidraulikoaren inguruan. Putzuak egiteak enpresa asko hipotekatu egin ditu, putzuen errentagarritasuna aurreikuspenak baino askoz ere txikiagoa delako, eta kasu gehienetan, diru publikorik ez balego enpresak porrotean eroriko lirateke", azaldu du Maeztuk.
     Hala, Patxi Lopezen eta Urkulluren gobernuek antzeko jokabidea izan dute EAEn, EH Bilduren iritziz. "Aurreikuspenak puztu dituzue, inolako argudio teknikorik gabe, marketing-a egite hutsagatik", salatu du legebiltzarkideak. "Eta orain, ongi etorria ematen diozue eztabaidari, hain zuzen, gaur arte ukatu egin duzuen beharrezko eztabaida hori". Ildo horretatik, Maeztuk zoriondu egin ditu fracking-aren aurkako plataformak, "desinformazioaren harresia apurtu" dutelako.
    Lege proposamenak ohiko tramitazioa izango du, eta eztabaida eta zuzenketa epea irekiko da legebiltzarrean. Maeztuk Jaurlaritzari eskatu dio, EH Bilduren izenean, eztabaida ematen den bitartean ikerketa prozesu guztiak bertan behera uztea. Koalizioaren ordezkariak gogoratu du "Lakuaren esku daudela gaur egun EAEri eragiten dioten baimen gehienak. Beraz, EAJk benetako eztabaida eman nahi badu eta zentzuz jokatu, egun batetik bestera agindua eman dezake baimen guztiak eteteko".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina