2014(e)ko abenduaren 4(a), osteguna

Ongizatea, kultur aniztasuna eta berdintasuna landuko ditugu gaurko saioan

Aurreko asteetan abiatu dugun dinamikarekin jarraituz ostegun honetan egingo dugu hurrengo saioa. Oraingoan ongizatea, aniztasuna eta berdintasuna landuko ditugu. Iluntzeko 19:00etan elkartuko gara gaur kultur etxean. Beraz, animatu eta parte hartu!


  • Ongizatea edo gizarte politikak. Gizarte zerbitzuak Ongizate Estatuaren oinarrietako bat dira; baina, gaur egun gizarte zerbitzu sistema ahul baten aurrean gaude, eskubide hauek bermatzeko gai ez den sistemaren aurrean: diru hornidura eskasa, pribatizazio maila altua eta lurralde desoreka izan ditu beti sistema honek. Errealitate honen aurrean, salbuespenik gabe, pertsona guztien eskubide sozialak bermatuko dituen ardura publikoko eredu bat sortu behar dugu.
  • Kultur eta jatorri aniztasuna. Herri honetan bizitzea erabaki duen pertsona oro da euskal herritarra, edonon jaioa dela ere eta Euskal herritar guztiok ditugu eskubide eta betebehar berberak. Aldarri hori errealitate izan dadin behar-besteko neurriak abian jartzeko konpromisoa hartua dugu, zurrumurru eta aurreiritzi faltsuak zabaltzen dituzten mezu interesatuak desmuntatzetik hasita. Elkarbizitza da gakoa. Horretarako, elkar-ezagutza, elkar-ulertzea eta elkarrekiko aitortza ezinbestekoak dira.
  • Berdintasuna edo politika feminista. Gaur eta hemen emakumeok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugu. Berdintasun formalaren esparruan aurrerapausoak eman izanak, ordea, berdintasunaren ilusioa zabaldu du, emakumeon zapalkuntza gaindituta dagoela pentsatzeraino. Baina gaur egun, oraindik, emakumeon menpekotasunean oinarritzen den botere-sistema osoa indarrean dago; egoerak aldatzen joan diren neurrian patriarkatua forma berriak hartzen joan da eta bizi-bizirik dago oraindik. Horregatik, berdintasun erreala lortzeko lan handia dago egiteko. Eraldaketa feministak erabateko eredu-aldaketa esan nahi du. Jendarte-eredu berri bat eraikitzea da erronka nagusia. Bigarren mailako herritarrak izateari uzteko, batzuen pribilejioak desagerrarazi eta guzti-guztiok lehen mailako herritar izan gaitezen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina