2014(e)ko abenduaren 18(a), osteguna

Espetxe politikaren amaiera eskatzeko mobilizazioak deitu ditu EH Bilduk larunbat honetarako

Espetxe politika honekin amaitzeko aktibazio soziala, politiko eta instituzionala indartu eta biderkatu beharra dago. Hori da EH Bilduren konpromisoa eta norabide horretan, manifestazioak egingo ditu datorren abenduaren 20an Iruñean eta Donostian "Salbuespena politikarik ez. Presoak etxera" lemapean.
     Herri honen etorkizuna bakarrik eraiki daiteke eskubideen urraketa guztiak gaindituz, eta norabide horretan egungo espetxe politikari amaiera jartzea lehentasuna izan behar da. Horregatik, zegamarrok ere argi esango dugu: "presoen eskubideak errespetatu!".

     EH Bilduk salatu nahi du Estatuaren espetxe politika. Argi esan behar dugu Madrilgo gobernua presoen oinarrizko eskubideak urratzen ari dela etengabe, eta borondate guztiarekin. Eskubideen urraketa da bere politikaren zutabe eta ikur nagusia.
Euskal presoen aurka martxan duen politikek izaera eta helburu politiko dute. Hau argi eta garbi geratu da Espainiako Auzitegi Gorenaren atzoko adierazpenarekin: "ETAko presoei" zein politika aplikatu behar zaien erabaki behar dutela aitortu dute. Gobernuak exijitzen dion erabaki ad hoc eta arbitrario hau nola justifikatzeko Auzitegi Gorenak denbora gehiago hartzea eskatu du.
     Izan ere, lehenago, Espainiar estatuak erabaki zuen euskal preso politikoentzako bere barne legedia salbuestea, legedia urratzea zigorrak luzatu ahal izateko "Parot doktrina" deitutakoaren bitartez. Europako Giza eskubideen Auzitegiak zuzendu behar izan zuen interpretazioa hura, presoen oinarrizko eskubideak urratzen zituelako. Orain Espainiar estatuak europar legedia urratzea erabaki du, presoen eskubideak berriro ere urratzeko. Europar direktiben letra eta izpiritua bihurritzea erabaki dute, interpretazio maltzurra egin nahi dute bizitza osorako zigorra inposatzeko. Bere zigorra jada beteta duten 56 preoen kaleratzea oztopatu nahi du PPren gobernuak Europako araudiari bizkarra emanez. Kolektibo zehatz bati salbuespena aplikatu nahi dio. Legalitate printzipio eta oinarrizko seguritate juridikoa zapaltzen du, beste klabe batean dagoelako: Estatua inboluzio estrategian murgilduta dagoelako. Gerra estrategia batean dagoelako.
     Jarrera horrekin argi dago Estatuak ez dituela betetzen "oinarrizko estandar demokratikoak".
     PP obsesionatua dago presoen mendeku arbitrarioa ematearekin. Hori da arrazoia gaur egun euskal preso politikoen %42a Euskal Herritik 800 km-etroetara mantentzeko, beraiekin batera beren familiak ere zigortuz. Edota 70 urte baino gehiago dituzten presoak, gaixorik daudenak zein bere zigor gehiena bete dutenak espetxean mantentzeko. Presoak bahitu politiko bezala erabili nahi ditu, sufrimendua elikatuz. Horretarako salbuespenezko egoerak muturrera eraman ditu, era desesperatu batean.
Espainiar gobernuak espetxe politika herri honetan bake agertoki bat eragozteko erabiltzen du. Honekin zapuztu nahi dituzte herri honek dituen erronka eta aspirazioak. 
    Argi eta garbi esan behar diegu ez dutela halakorik lortuko.
    Presoen eskubideen errespetuaren alde jardutea, espetxe politika kriminalaren aurka egitea, bakearen eta konponbidearen alde egotea da. Jarraituko dugu urratsak ematen lehentasun demokratiko horiek gauzatzeko. Ez dago erdibiderik: Eskubideen errespetua defendatu eta bermatu edo Estatuaren estrategiari babesa eman.
Giza eskubideetaz ari gara! Estatuak urratzen dituen eskubideetaz ari gara... Ezin da beste aldera begira geratu; ezin da ardura beste teilatu batean jarri, beste esku batzuetan jarri. Ordua da jada presoak Euskal Herrira, etxera, etortzeko. Ordua da mendekuan eta sufrimenduan oinarritzen den espetxe politikaren aurrean planto egiteko, aitzakirik gabe.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina