2014(e)ko apirilaren 9(a), asteazkena

Elkarretaratzea Ordizian gaur, hizkuntza irizpideen aurkako eskaeren aurrean

GOIERRIKO HITZA. Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza irizpideak ezartzeko hartutako erabakia bertan behera uzteko agindua eman du Espainiako Gobernuak. Gainera, udaletako Euskara Planak bidaltzeko ere eskatzen ari da eta errekerimenduak ere egin ditu. Guztira 38 herritan jaso dute agindua; Goierrin, Urretxuko, Legazpiko, Ordiziako eta Beasaingo udalek jaso dituzte errekerimendu horiek. 


Elkarretaratzeak
Kontseiluak elkarretaratzeak antolatu ditu hainbat herritan gaur. Goierrin, Ordiziako plazan egingo dute 19:00etan. Helburua, "estatuen eskuhartzea gelditu" eta "hemen guk erabakitzen dugula argi uztea" dela azaldu zuten, besteak beste, Kontseiluko, AEK-ko eta Goierriko udaletako zenbait ordezkarik, astelehenean, prentsaurrekoan. Bertan azaldu zutenez, egoera horren aurrean, "euskaraz bizi nahi dugu eta horretarako eskubidea dugu. Geure herrian euskaraz bizitzeko, hizkuntza-politika eraginkorrak beharko ditugu", eta "euskalgintzako eragileok herritarrak egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua egiten jarraitzera animatzen ditugu eta instituzioak euskaraz bizi gaitezen neurriak hartzera". Bide horretan, euskalgintzak "hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko bidean urratsak ematen dituztenak basbesteko lan egingo" duela eta "ondoan" izango dituztela ere azpimarratu dute.
    Hizkuntza baten Normalizazio Prozesuak "dimentsio politikoa eta soziala" duela azaldu zuten, eta normalizaziorako bidean martxan jarrita dauden estrategia ezberdinetako batzuk dira hizkuntza irizpideak. Euskal komunitateak "bere hizkuntza-politika definitzeko eta garatzeko" eskubidea duela azaldu zuten, "inolako kanpo esku-hartzerik gabe".

Jatorrizko albistea: Elkarretaratzea Ordizian, hizkuntza irizpideen aurkako eskaeren aurrean

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina