2014(e)ko apirilaren 9(a), asteazkena

Independentistek apirilaren 20an ospatuko dute Aberri Eguna, Iruñean

BERRIA.INFO. Eskoziako eta Kataluniako prozesuei begira dago Independentistak sarea, bere etorkizuna eraikitzen "urrats sendoak" egiten ari delako. Euskal Herriak ere bere bidea egin behar duela sinetsita dago, uste baitu «garai oso erabakigarrian» dela,
"gehiengoaren" aldarrikapena delako erabakitzeko eskubidea. Independentistak sarea ziur da independentziak Euskal Herriko herritar gehienen beharrak betetzen dituela, eta mezu hori zabaltzeko baliatuko du aurtengo Aberri Eguna. Iruñean ospatuko du, apirilaren 20an, Gehiengoaren nahia, independentzia lelopean.

    Euskal Herriaren etorkizuna "jokoan" dagoela adierazi du Txutxi Ariznabarretak, Independentistak sarearen izenean. "Nolako etorkizuna, gizartea eta Euskal Herria nahi ditugun erabakitzeko garaiak datozela sumatzen dugu". Haren esanetan, "askatasuna" nahi duten herritarrek gehiengoa osatzen dute, eta baita eskubide guztiak herritar guztientzat eskatzen dituztenek eta askatasunean oinarritutako bakea nahi dutenek ere. Ariznabarretak ziurtatu du independentzia gehiengo horren nahiak bideratzeko tresna dela: "Gehiengo independentista elkartu, aktibatu eta lanean jartzeko ordua da; hots, euskal estatuaren eraikuntzarako subjektu berria martxan jartzeko garaia»"

Egitaraua eta laguntza
Herritarrak Aberri Egunean parte hartzera deitu ditu sareak. Egun osoko egitaraua prestatu du: manifestazioa egingo du aurrena, 12:00etan, Golem zinemetatik abiatuta, eta Anaitasuna kiroldegian bazkaria egingo dute gero. Hainbat ekitaldi eta ikuskizun ere izango dira alde zaharrean, egun osoz.
    Aurtengo Aberri Eguna «guztiz zabala eta parte hartzailea» izatea nahi dute. Eta, horrez gain, laguntza ere eskatu diete herritarrei, bai eguna antolatzeko, bai kartelak banatzeko. Euren webgunearen bidez harremanetan jartzeko eskatu dute sarekoek: www.independentistak.net


Hemen jatorrizko albistea: Independentistek apirilaren 20an ospatuko dute Aberri Eguna, Iruñean 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina