2014(e)ko apirilaren 22(a), asteartea

Manifestazioa deitu du LABek maiatzaren lehenerako Ordizian

LAB sindikatuak eskualdeka egingo ditu maiatzaren 1eko mobilizazioak, tartean Goierrin. "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan" lelopean, 28 mobilizazio egingo dira Euskal Herriko zazpi herrialdeetan.
Ordiziatik abiatuko da Goierri mailan egingo den manifestazioa; 12:00etan plazatik. 


GOIERRIKO HITZA Goierriko LAB sindikatuko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian Beasainen, maiatzaren 1ean Ordiziatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deituz. Haizea Mendiaren hitzetan, “estatuetatik inposatzen ari diren agenda ultraneoliberalak ez dauka etenik. Eredu basatia inposatzeko erabakia hartuta daukate eta, horretarako, krisiaren gestio guztitz antidemokratikoa egiten ari dira”. Inposaketa eta gure eskubideak ez ezik, geure burua defendatzeko aukera ere lapurtzea egotzi die estatuei.
   Horren aurrean, “Euskal Herriko gobernuek men egiten” dutela azaldu du. Horregatik, “jokoan dagoenaz jakitun", euren egitekoari heldu diotela azaldu dute eta enplegua lan eta bizi baldintzak eta herriaren etorkizuna defenditzen dihardutela egunero. "Borroka handia egiten ari gara lantokietan, gure eskubideak lapurtzen ez uzteko eta, are gehiago, hobetzeko boterea borrokatzeko, horixe baita modu bakarra aurrera egiteko eta ez etsitzeko, enpresetan zein herrietan”.
    Usua Lasak adierazi duenez, "bestelako Euskal Herri bat beharrezkoa da, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat". Hala, inposaketen gainetik, eredu hori eraikitzea herritarrei dagokiela aldarrikatu dute. "Orain, erabaki hori erresptaraztea dagokigu eta horretara goaz!”, esan dute.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina