2014(e)ko ekainaren 28(a), larunbata

Administrazio publikoa elikadura burujabetzaren norabidean kokatzea lortu du EH Bilduk

Elikagaien erosketa publikoan bertako eta gertuko produktuen presentzia handiagoa izateko urratsa eman du gaur Legebiltzarrak, EH Bilduk aurkeztu duen legez besteko proposamena onartuta.

    Koalizioak EAJrekin adostu erdibideko testua, zeinak Jaurlaritzari eskatzen dion "elikagaien erosketa publikoan azterketa bat egin dezala, gertutasun, kalitate eta ingurumen irizpideak sustatzeko dauden aukerak aztertzeko". Azterketa hori urtebeteko epean aurkeztuko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun batzordean. Ekimena aho batez onartu du Legebiltzarrak.
     IƱaki Lazarobaster legebiltzarkideak adierazi duenez, "urrats garrantzitsua da eta norabide egokian, herri honen elikadura burujabetza lortzeko bidean". "Izatez, administrazio publikoa da, entitate bezala, elikagaien erosle nagusia, bere eskuduntzapeko azpiegituretan egiten baita elikagaien erosketa handiena. Beraz, erosketa gaitasun nabarmena du eta elikadura ohituretan zein ekonomian eragiteko indar ikaragarria", azaldu du Lazarobasterrek, erakunde publikoek kudeatzen dituzten ikastetxe, ospitale, kartzela, zahar-etxe eta abarrei erreferentzia eginez.
     Hala, EH Bilduk oinarrizkotzat jo du "elikagaien erosketa publikoan eragitea, lehen sektorea indartzeko, lanpostuak sortzeko, merkatari txikiak bultzatzeko, bertako ekonomia sustatzeko, landa ingurua osasuntsu mantentzeko eta paisaia, kultura, gastronomia, zein nortasuna garatzeko". "Elikadura burujabetza lortzea prozesu luze bat bezala planteatzen dugu eta gaurko urrats bat egin beharreko bidean", gaineratu du.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina